Musika iraultzailea (I)
Modu askotara amaitu daiteke honako esaldi hau: «Ai, maitia, mundua kantuekin aldatu ahal izango bagenu...». Ez dakit nola amaituko zenukeen zuk, baina ez nuke konfiantza handiegirik jarriko kantuen eraldatze gaitasunean. Bestela erraza litzateke, baina hori eromena, gauzak behin eta berriro aldatu beharra, ez beti onerako, edozein kantugile egozentriko, bohemio, atormentatu, autista, drogazale, txolin, ero, handiuste, profetiko, txistosoren... umorearen arabera.
Imajinatzen al dituzu bankariak kantuak idazten, epaileak pentagrametan sententziak sinatzen, parlamentari kantuzaleen topaketak, gure ongizatearen mugak ongi blindatzeko melodiak sortzen?... Haiek ere mundua aldatu nahi dute, gure okerrerako. Transnazionaletako administrazio kontseiluetako abesbatzen lehiaketa nahi dugu 2016erako!
Baina, zorionez, kantuak kantuak baino ez dira, makulu emozionalak pertsonontzat, baita mundua aldatzen saiatzen garenetan ere, eta jakina, ondoren atseden pixka bat hartu behar dugunean. Eta zenbat eta bat-batekoago, zenbat eta naturalago, zenbat eta ustekabekoago, orduan eta hobeto beteko du bere jarduna. Orduan eta zailagoa izango baita haren asimilazioa. Eta ez, ez esan ez dakizula zertaz ari naizen, semeari kresta berria ordaindu diozu-eta ile-apaindegian.
Nork esan du kantuekin dibertitzea ez denik iraultzailea? Kantuak kantu direlako, ez hartu serioegi. Horretarako daude tesiak, katedralak, telepredikadoreak. Esan berri didate Bob Geldof etorriko dela Donostiara kantatzera.

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

Etxebarriazarragak jantzi du Bizkaiko txapela
