Estibalitz EZKERRA
Literatur kritikaria

Agiriak

Erdoganen gobernuak kurduen kontra zuzenduriko operazio militarrak salatzeko protestetan parte hartu duten Turkiako unibertsitate irakasle zein ikasleen jazarpena gaitzesten duen agiria sinatzeko eskaera iritsi zait lankide baten bitartez. AEBetako mundu akademikoko izen ezagunek idatzi dute dokumentua. Haien helburua da gutxienez mila sinadura biltzea eta ondoren agiria zein sinadurak Barack Obama AEBetako presidenteari zein Nazio Batuen Erakundeari bidaltzea, Erdoganen ekintzak gaitzetsi eta haren agintearen kontrako neurriak ezar ditzaten. Turkiako gobernuak kurduen kontrako kanpaina aspaldi hasi bazuen ere hauxe da AEBetako mundu akademikoak gatazkaren inguruan zerbait esaten duen aldia, Erdoganen jazarpenezko legeen biktimetako zenbaitek Europako zein AEBetako unibertsitate sarearekin loturak dituztelako.

Bien bitartean, Indian Modiren gobernu faxista, aurretik gainerako arloetan egin bezala, unibertsitatean ere hasi da hinduak eta goi-kasta batekoak ez direnen kontrako neurriak hartzen. Duela aste batzuk, Dalit (“jazarri” esan nahi du hitzak; “ukiezinak” bezala ezagunak dira goi-kastakoen artean) unibertsitate ikasle batek bere buruaz beste egin zuen ikasketekin jarraitzeko diru laguntza oro ukatu ziotela jakin ostean. Mundu akademikotik Modiren ekintzen kontrako agiririk jasotzeko zain nago. Badakit ez dela gertatuko. India kanpoko komunikabideetan suizidioaren inguruko albisterik ez da agertu. Ikaslea ez zen ezaguna. Europa edota AEBetako mundu akademikoarekin loturarik ere ez zeukan.