GARA
DONOSTIA

Berdintasuna landuko du EH Bilduk lau mintegi espezifikotan

Genero berdintasuna errealitate izatetik «oso urrun dagoela» iritzita, EH Bilduk berdintasun alorrean lanean ari diren berrehunetik gora zinegotzi elkartuko ditu lau formazio mintegitan.

«Ezinbestekoa da instituzio guztien inplikazioa, baina jakitun gara erakunde mailako jardun politikoa egiteko trebakuntza ezinbestekoa dela, eta herri mugimenduekin elkarlana artikulatu behar dela, edozein aurrerapauso estrategia partekatu batekin gauzatuko delako», informatu du ohar bidez.

Zehazki, lau mintegi izango dira eta bakoitzean gai ezberdinak jorratuko dira, baina guztietan erakunde mailako berdintasun politiken zehar lerro nagusiak landuko dituzte. Trebakuntzarako, gai hauetan aditu diren berdintasun teknikariak arituko dira, eta ariketa praktikoak egiteaz gain jardun instituzionalerako erremintak jarriko dira mahai gainean.

Lehena gaur, Iruñean

Hauek dira, hurrenez hurren, egingo diren jardunaldiak: gaur, Iruñeko Ehbilgunean (10.30-13.30) berdintasunaren inguruko legedia, marko normatiboa eta aldaketarako gakoak izango dituzte aztergai. Urtarrilaren 29an, Gasteizeko Ehbilgunean, (18.00-20.30) berdintasun plangintza iraunkorrak eta jendarte eredu patriarkala aldatzeko bidean proposamenak jasoko dira. Otsailaren 2an, Tolosako kultur etxean (18.00-20.30), biolentzia matxisten aurreko protokoloak eta hizkuntza ez sexistaren garapenaz mintzatuko dira eta otsailaren 27an, Durangon (10.00-13.00), genero gaiak lantzeko zehar-lerroak izango dira hizpide.