Inoiz baino ustelago dago Estatu espainola, ikerketa baten arabera
Nazioarteko Gardentasuna izeneko gobernuz kanpoko erakundeak atzo eman zuen ezagutzera 2015eko Ustelkeriaren Pertzepzio Indizea, zenbait aditu eta konpainiek erantzundako galdeketetan oinarritutako ikerketa erraldoia. Estatu espainolak atzera egin du azken lau urteotan, eta 168 estatu ageri diren sailkapenean 36. lekuan ageri da.

Mariano Rajoy presidente espainolaren agintaldian atzera egin du Estatu espainolak aipatu sailkapenean. Izan ere, orain 36. postuan kokatu da; iaz 35.ean zegoen, eta 2012an, 30.ean. Epe berean atzera gehien egin duten herrialdeak Australia, Libia, Brasil eta Turkia dira: Erdogan presidentearen herrialdea da postu gehien galdu duena: 54.etik 66.era.
Azken urteko datuak kontuan hartuz gero, Petrobras konpainia publikoaren inguruko eskandaluen eraginez, Brasil izan da gehien atzeratu dena: zazpi postu urte bakar batean.
Estatu espainolean oraindik agintean dagoen –jarduneko Gobernuan bada ere– PP alderdi kontserbadoreko dozenaka lagun aste honetan bertan atxilotu dituzte, ustelkeria kasuekin zerikusia dutelakoan. Atzo ezagutzera emandako datuak lehenago egindako ikerketa batetik datoz eta ezin da ondorioztatu atxiloketa horiek Estatua hain atzean egotea eragin dutenik. Izan ere, 100 puntuko indizean Rajoy eta Felipe erregearen erreinuak 58 puntu ditu (begirale batzuek esaten dute «azterketa gainditu» egin duela, 50 puntuko markaren gainetik jarraitzen duelako), inoiz izan duen emaitzarik kaskarrena.
Estatu espainolak 59 puntu lortu zituen 2013an, eta 60 hurrengo urtean. Begirale batzuek aurreikusten zuten hoberako joerarekin jarraituko zuela, baina ez da horrelakorik izan eta atzera egin du. Jesus Lizcano Estatu espainoleko Nazioarteko Gardentasuna erakundeko presidenteak esplikatu duenez, atzera egiteko joera nagusitu da krisi ekonomikoa hasi zenetik. Ordura arte 7,1 puntu lortzen zituen (10 puntu ziren erabateko gardentasuna, eta gaur egun 100 dira), eta egun 60ra iritsi ezinik dabil. Azken hamabost urteotako puntuaziorik txarrenak 2013ak, 2014ak eta 2015ak eskaintzen dituzte. Afrikako Botswana (28. postua) Europako estatu asko baino hobeto dago.

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias

Peixoto, euskararen eskutik abertzaletu zen betiereko militantea

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda
