Postaleko punkiak
Lelo sinple batzuen arabera gerturatzen gara lehen aldiz politika deitzen diogun horretara. Leloak sinpleegiak dira, ordea, gauzen sakontasuna azaltzeko. Leloe k, gainera, hausnarketa mamitsu baten sintesi izan beharko lukete. Alderantzizkoa gertatzen da, ordea, gehiegitan; leloa abiapuntu hartuta kosmos birtual bat sortzen da. Errealitatetik urrun.
Leloekin lelotutako asko ikusten dira azkenaldian, egongelako –edo futbol zelaiko– eremu kritikotik barrikadetarako dei sutsua eginez. «Larrutzearen erotismoa, hatz erakuslearen lizunkeria», Angerrek kantatzen duen gisan. Enfant terribleak. Edo postaleko punkiak.
LPRren kanta mitikoak badu gaurkotasunik. Azaleko lelo moloiak erosten dira, modako azken idoloari erosita. Sakoneko kritikarik edo hausnarketa politikorik gabe, kontsumo azkarreko esloganak. Irentsi eta libratu.
«A mi no me cortéis. Aquí vale todo. No me montéis la batallita de ver quién es más punky». Zein erraza den garbi mantentzea, putzu barrenean sartu nahi ez dugunean. Edo are, sartu beharrik ez dagoenean. Hau da, erabaki politikoak hartu beharrik ez dagoenean.
Gandor handiagoa nork duen ikusteko oilar borroketan apustu egiteko gogorik ez daukat batere, egia esan. Gaizki ulertutako erradikaltasunak nahikoa galbide erakutsi digu honezkero. Erradikaltasuna ez baita esentzietara edo borroka molde zaharretara itzultzea. Ez baita nahastu behar estetika “erradikala” eta sakoneko kritika erradikala.
Dena delakoaren kritika sakona beharrezkoa da, noski, betebehar iraultzailea da, nahi bada. Baina gure zeregin iraultzailea da, era berean, egoera horiei buelta emateko estrategia eraginkorrak diseinatzea, bere fase dinamikoekin. Oinarri ideologikoak eta estrategia nahastea mugimendu politikoaren ostrazismoa eta, beraz, heriotzarako bidaia txartela baita. Errealitatea eta desioak nahastea baita hori. “Ezkerreko” infantilismo politikoa.

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak
