Estibalitz EZKERRA
Literatur kritikaria

Nazionala

Haserretu egin zitzaidan lankidea estatubatuarrak ere nazionalistak direla esan nionean. «Ez, ez», zuzendu nahi izan ninduen, Irailaren 11ko gertaerek piztutako sentimendu iluna izan zen hori, baina ondo baino hobeto ikasi zuten lezioa, Patriot Act delakoa tarteko. Hots, nazionalismoak ez duela onurarik ekartzen eta bere burua “nazional” moduan deskribatu zidan. Nire harridura aurpegia ikusita nazionala kulturaren partaide dela bota zidan, baina ez modu itxian. Jakina, batek hiritartasuna izan behar du nazionala izateko, baina hiritartasuna dokumentu eta horiei atxikita doazen eskubide kontua da. Nazionalak, beste era batera esanda, kulturaren “hipster”-ak dira eta nazionalistak, berriz, “hooligan”-ak.

Bakoitzak jakingo du zer gezur klase esaten dizkion bere buruari, bere nazioa dena baino pluralago azaltzeko. Komunikabideetan dezente erabiltzen hasi dira. Normalean herrialdetik kanpo jaiotako zein zuriak eta jatorriz Mendebaldekoak ez direnekin erabiltzen dute “nazional” zein “nazionalizatu” izendapena, argi utzita batzuei hiritartasuna eman egiten zaiela beste batzuek berezkoa duten bitartean.

Kontua da zer egin behar duen batek berezko hiritar izateko. Ez da paper kontua bakarrik, batzuek aspalditik lortu baitzituzten, jaio eta berehala, baina ez dira frantses, ez ingeles, ez alemaniar. Paradoxikoki, komeni denean bakarrik alda daitekeen konstituzioaren bidez, hiritartasun paperak gal ditzakete, behin ere hiritar izan ez direnek.