Jon LEUNDA

O’Toolek eta Vicente II.ak lortu dute Binakako finala jokatzeko bigarren txartela

Ia lau minutuko aldea atera zieten Donato Larretxeari eta Iñaki Azurmendiri atzo, Beasaingo Antzizar kiroldegian jokatu zen norgehiagokan. Australiarrak eta nafarrak probako saio guztiak irabazi zituzten.

Laurence O’Toolek eta Iker Vicentek lortu zuten atzo Beasainen Urrezko Aizkorako finala jokatzeko txartela, Iñaki Azurmendiri eta Donato Larretxeari irabazi ostean. Jendeak erantzun bikaina eman eta Antzizar kiroldegiko harmailak ia bete egin ziren.

Atzokoaren ostean gauzak argitu dira, eta Azpeitian jokatuko den finalean izango diren hiru bikoteetatik bi ezagun dira dagoeneko. O’Toole eta Vicente II.a batetik, eta Atutxa eta Mugerza II.a, bestetik, han izango dira, eta hirugarrena, berriz, otsailaren 14an Oñatin jokatuko den finalerdiko irabazlea izango da. Han, Ruben Saralegi eta Rekondo Lopezen eta Otaegiren aurka neurtuko dira.

Atzokoan australiarra eta nafarra jaun eta jabe izan ziren. Jokatu zituzten proba guztietan nagusi izan ziren, eta iraupen probara jadanik 2 minutu eta 37 segundoko aldearekin iritsi ziren. Garbi zegoen O’Toolek eta Vicentek tartea egingo zutela hasierako lan horietan, baina iraupen probara tarte oso handiarekin heldu ziren, espero baino handiagoarekin.

Baina azkeneko lanean ere Larretxeak eta Azurmendik ez zuten aukerarik izan, horretan ere Laurence eta Iker nagusi izan baitziren. Lan guztiak burutzeko, 18 minutu eta 32 segundo behar izan zituzten, eta 22 minutu eta 26 segundo, berriz, 26 Larretxeak eta Azurmendik.

Gaur jokatuko da Mundu Txapelketako bigarren eta azken kanporaketa, eta horren ostean jakingo dira otsailaren 21ean Tolosan jokatuko den finalean arituko diren aizkolari guztien izenak. Gaur, 12.30ean, El Villarren dagoen Viña Laguardiako ardotegian jokatuko da saioa. Bertan, Arria V.a, Joseba Otaegi, Mikel Larrañaga, Mugertza II.a, Mugertza III.a, Luix Txapartegi, Jexuxmari Mujika, Eneko Otaño, Xabier Zaldua, Julen Mendieta, Xabier Garcia, Julen Larrea, Daniel Vicente eta Jon Rekondo arituko dira.

Lehen kanporaketan bezalaxe, hemen ere proba laburrak izango dira; elkar kanporatuz joango dira, amaieran bi geratu arte, eta horiek lortuko dute finalerako txartela. Jadanik seguruak dira han Saralegi, Etxeberria, Vicente II.a, Azurmendi, Atutxa, Jauregi eta O’Toole. 

Sokatiran, Euskal Herriko Goma Gaineko finala izango da 600 kilokoan, baita 500ekoan ere, gaur, 17.00etan, Idiazabalen. 600ekoan, aurreko bi kanporaketetako sei talde onenak neurtuko dira, eta han izango dira Sokarri, Beti Gazte, Ibarra, Ñapurrak A, Murueta eta Abadiño. 500ekoan, berriz, hiru talde bakarrik lehiatuko dira, eta ligaxka ari dira jokatzen. Azkeneko saiora Gaztedi puntu bat gehiago duela helduko da, eta gaur ere lehengo amaitu beharra dauka txapela lortzeko; izan ere, Badaiotzek lortzen badu garaipena, kitarakoa jokatu beharko baitute.