Lorea Bilbao
Torturaren Aurkako Taldeko kidea eta abokatua
KOLABORAZIOA

Otsailaren 13a, torturaren aurkako eguna Euskal Herrian

Nik ez dut sinesten». Horixe da antza denez gaurko kriminologiako ikasleek oro har torturaz pentsatzen dutena. Arduratzekoa da, bai, baina ez da harritzekoa hogei urteko gazteak hori esaten entzutea. Zer informazio dute ba gazte horiek torturaren inguruan? Ezer ere ez. Eusko Jaurlaritzak aditu talde bati azken 50 urteotan torturak EAEn izan duen eragina aztertzeko enkargua egin dio eta jakin badakigu hortik datu beldurgarriak aterako dituztela 1960. urtetik 2010. urtera bitartean gertatu dena argitaratzen dutenean. Baina hor dago koxka. Oraindik argitaratu ez diren datuak dira. Instituzioek oraindik ez dute publikoki eta ozen esan Euskal Herrian gatazka politikoaren ondorioz Estatuko botereek tortura helburu politikoekin eta sistematikoki erabili dutela.

Otsailaren 13an 35 urte betetzen dira Joxe Arregi Madrilgo Dirección General de Seguridad delakoan bederatzi egunez inkomunikatuta izan ostean torturaz erail zutela. Horren froga duela urte gutxi agertu ziren argazkiak dira, 28 urtez isilpean gordeta egondako argazki ikaragarriak. Isiltasuna izan da tortura kasu bakoitzaren atzean egon dena, eta horregatik agian gaurko belaunaldi gazteek ez dute horren berririk izan.

Zaila da Estatuak ezarritako makinaria osoari aurre egin eta tortura salatzeko lanean aritzea, batez ere alde batetik komunikabideek eta bestetik epaitegiek oztopoak besterik jartzen ez dituztenean. Baina herri honetako benetako potentziala gizartean dago, eta gizarteari dei egin behar zaio torturaren isiltasunarekin bukatzeko ahalegina egin dezan. Hainbeste hamarkadetan gure herriaren zati handi baten errealitatea izan da tortura, eta oraindik bere ondorio basatiak pairatzen ari gara. Tortura sufritu duenak bere bizitza osoan berarekin eramango du, bere izaeran txertatuko da eta horrekin bizitzen ikasi beharko du. Baina horren existentzia ukatzean zauria ezin sendatu geratzen da eta hori luzera begira gaitz handia bilaka daiteke bai norbanako horrentzat bai bere inguruarentzat eta, finean, gizarte osoarentzat ere.

Otsailaren 13 batean hil zuten Joxe Arregi, eta urteetan zehar egun hori baliatu dugu Euskal Herrian tortura salatzeko. Langileok Maiatzaren Lehena, edo emakumeok Azaroaren 25a dugun bezala, torturatuek ere egun propio bat behar dute “Torturari Ez!” guztiok batera eta ozen esateko. Batzuek pentsatuko dute gaur egun ez duela zentzurik tortura salatzen jarraitzeak, torturarekin bukatu dela pentsatuko dute akaso. Nahiko genuke! Baina tamalez torturaren kontrako borrokan lan handia dugu egiteko, eta garrantzitsuenetakoa da ahanzturan erortzen ez uztea, milaka euskal herritarrek pairatu duten basakeria hau kontzientzia kolektiboan txertatu dadila eta datozen belaunaldi berriek ez dezaten pentsatu haien herrian horrelakorik gertatu ez denik.

Hasi berri dugun 2016 honetan torturaren gaia mahai gainean izango dugula aurreikus dezakegu. Paco Etxeberria auzi medikuak, bere lantaldearekin batera, Istanbulgo Protokoloan oinarritutako EAEko ikerketaren emaitzak azaltzea aurreikusita du. Apirilean Auzitegi Nazionalak 2011n Guardia Zibilak torturatutako bost iruindar epaituko ditu eta horren harira “Aztnugal” kanpaina abiarazi dute. Horren baitan ekimen kultural ugari proposatu dituzte eta otsailaren 13an bertan torturari buruzko konferentzia bat eta kontzertu bat antolatu dituzte Iruñean. Maiatzean, 2010ean Guardia Zibilak torturatutako zortzi euskal militante epaituko ditu Auzitegi Nazionalak. Bi epaiketotan torturak paper garrantzitsua izan du eta bere erabilpena salatzea ezinbestekoa dugu. Aurten ere beste epaiketa bat izango dugu, baina kasu honetan lau guardia zibil eseriko dira akusatuen eserlekuan, hain justu 2010eko sarekada hartako emakume bat torturatzea egotzita. Egundoko lorpena!

Datozen erronka horiei guztiei nola aurre egingo diegun birpentsatzen jarri beharko gara. Herri honetan torturak izan duen benetako dimentsioa ezagutu nahi badugu guztiok lanean jarri beharko gara, herriz herri torturaren memoriaren mapa sortuz eta gizarteratuz.

Datu kuantitatiboez gain, torturak gure gizartean izan duen inpaktua ere aztertu beharko genuke, eta zeintzuk diren luzera begira indibidualki zein kolektiboki izango dituen ondorioak. Kontuan izan beharko genituzke ere torturapean lortutako inkulpazioei esker espetxeratuak izan diren euskal herritarrak, edo inkulpazio horien ondorioz edo torturaren mamuaren eraginez erbestera alde egin duten euskal herritar guztiak. Hori guztia salatzea eta benetako aitortza aldarrikatzea dagokigu 2016ko otsailaren 13 honetan. Iniziatiba hartu, isiltasunarekin bukatu eta kontzientzia kolektiboak astintzeko garaia da. Abian jar gaitezen!