Andoni ARABAOLAZA
BOULDERRA

Blokeko 8c+ zailtasunak baditu bi proposamen berri

Pirmin Bertle alemanak Cousimberten sortutako «Drop a line» blokea askatzeko zortzi hilabeteko lana egin behar izan zuen. Bien bitartean, Guillaume Glairon-Mondet frantziarrak, Fontainebleaun, «Le pied a coulisse» lortzeko hiru urtean banatuta 20 saio egin ditu.

Duela pare bat aste nazioarteko blokeko espezialista handi Nacho Sanchez igaro zen orrialdeotatik. Luze eta zabal jorratu genituen eskaladaren adar horren gaineko hainbat gai. Horietako bat muturreko zailtasuna izan zen, eta aipatu genuen kostatzen ari dela zailtasun gorenak (8c+) beste urrats bat egitea.

2016. urtean gaude dagoeneko, eta 8c+ gradua ez da lekuz aldatu. Halere, zailtasun horretako beste bi proposamen plazaratu dira bederen. Lehenengoa, Pirmin Bertle alemanak egin du. Friburgotik gertu dagoen Cousimbert eremuan “Drop a line” blokea sortu eta askatu du, eta 8c+ bezala proposatu ere. Bigarrenak Guillaume Glairon-Mondet frantziarraren sinadura darama. Negu honetan, Fontainebleaun, gai izan da esku artean zuen xedea, “Le pied a coulisse”, askatzeko. Eta hau ere 8c+ bezala aurkeztu du.

Beraz, blokean gradu gorena duten bi proposamen berri; alabaina, joan den astelehenean, bigarren blokeak bi errepikapen izan zituen. Eta, oso-oso gogorra bada ere, errepikatzaileek diote ez dela 8c+.

Alemanarekin hasiko dugu muturreko bi proposamen horien kronika. Munduko beste espezialista zailduekin alderatuta, Bertle ez da hain entzutetsua. Hala ere, kirol eskaladan zein blokean orain arte egin dituen jarduerek lehen lerroan jarri dute. Kirol eskaladan, adibidez, iazko urtearen amaieran Suitzako lehen 9b proposatu zuen: “Meoise”. Baina pare bat aste lehenago Suitzako Friburgetik gertu dagoen Cousimbert alderdian “Drop a line” blokea sinatu eta harentzat 8c+ proposatu zuen.

Eta ezin dugu ere ahantzi gai izan dela “Minimalonaia” zeharkaldia egiteko. Alemanarentzat blokeko 8c+ izan daiteke, eta zeharkaldiak duen eskalan, 9a. Bai, jakin badakigu aipatutako guztiak ala guztiak proposamenak direla; baina uste dugu ere kontuan hartzekoak direla.

“Drop a line” xedeari dagokionez, esan dezakegu hein batean bederen “ezustekoa” izan dela. Jarduera hori gauzatu baina hilabete batzuk lehenago, bere motibazioa oso apal zegoen; izan ere, tartean min hartuta egon zen eta hezurretako edema izan zuen. Bi hilabetean eskalatu gabe egon ondoren, egoera larri hori iraultzeko lanean hasi zen. Entrenatzen hasi zen, baina lehen hiru hilabeteetan, soilik ordubete, eta astean bitan.

Nahiz eta sasoiko ez egon, lerrootako protagonista Cousimbertera itzuli zen. Eta, aitortu duenez, bere buruarekin harrituta geratu zen: «Lesioen aurretik nuen mailara iritsi nintzen; hori bai, 15 kilo gutxiagorekin. Oso arin sentitzen nintzen, eta entrenamenduek sasoi puntu ederrean utzi ninduten. Cousimberten esku artean xede gogor bat nuen. Korapilo hori askatu ahal izateko, astean bost orduz soilik eskalatzen nuen. Eta horregatik zortzi hilabete behar izan ditut ‘Drop a line’ askatze ko. Zalantzarik gabe, Cousimberten ditudan sei helburuetatik azken hau da gogorrena».

Arestian aipatu dugu muturreko makina bat jarduera baditu ere, ez dela hedabideetan asko azaltzen. Eskarmentu horri esker, “Drop a line” 8c+ bezala aurkezteko arazorik ez du izan: «Ez daukat inolako asmorik ‘Drop a line’ egungo gazte indartsuenek egin dituzten muturreko blokeekin alderatzeko. 8c+ bezala aurkeztu dut, eta uste dut zentzuzko proposamena dela. 8a graduko blokeak egun bat edo bitan egin ditut; 8a+ zailtasunekoak, hiru egunean; 8b, bostean; 8b+ gradukoak, hamar egunean; 8c, hogeian... Eta ‘Drop a line’ egiteko zortzi hilabete behar izan ditut».

Bi errepikapen

Bigarren protagonista Glairon-Mondet dugu eta bere “Le pied a coulisse” blokea. Frantziarrak joan den hilabetean erdietsi zuen hori zakuratzea; hori bai, lan eskerga egin eta gero. Guztira, hiru urte behar izan ditu (20 saio) muturreko proposamen hori egiteko.

Nico Januel kidearekin batera, frantziarrak Fontainebleauko Rocher Greauko sektorean ekin zion sortze lanari. Blokea garbitu, mugimenduak probatu... eta segituan ohartu ziren gai izango zirela zailtasun handiko bloke hori egiteko: «Lehen pausoa eserita egin behar da, ‘Chaos’ blokearen sarrera bezala. Baina mugimendu batzuk egin ondoren, sabai batera zuzen-zuzenean joaten zara. Eta han mantle bat zain duzu. Erregeleta on batzuetan blokeo gogo r batzuk egin eta gero mantle horri ekin behar zaio. Blokearen pausorik zailena eta aleatorioena da; izan ere, gorputzaren posizioa milimetro soil bategatik asmatu behar da. Gainera, ondoren datorren plakan arreta handiz ibili beharra dago».

Azkenean, frantziarrak korapilo hori askatzen asmatu zuen, eta, Fontainebleauko bloke gogorrena aurkezteaz gain, 8c+ bezala proposatu zuen: «Nire uste apalean, egin dudan proposamen berriak basoko mailari beste puntu bat ematen dio».

Baina, iragarri dugun bezala, hil honen 15ean “Le pied a coulisse”-ren lehen bi errepikapenak jazo ziren. Lehena, Jimmy Webb estatubatuarraren eskutik iritsi da: «Besteak beste, ‘The big island’ (8c) egin ondoren, Glairon-Mondeten proposamena probatu nuen. Uste dut bloke ikaragarri ona dela, baina uste dut 8c dela. Zalantzarik gabe, baso horretako blokerik gogorrenetarikoa da».

Horren ondoren, Charles Alberten errepikapena etorri da. Ohi bezala, frantziarrak oinutsik eskalatu du, eta gai izan da aldaera zuzenagoa eta errazagoa asmatzeko. Hots, katu-oinak erabiltzen ez dituzte nentzat aukera errazagoa da. Irtenbide horrek dozena erdi bat pauso saihesten ditu. Aldaera zuzen hori erabilita, Albertek dio “Le pied a coulisse” 8b+ dela.