GARA
laudio

Europako ikasleak batera borrokatuko dira nahi duten ereduaren alde

Gaur hasi eta igandera arte Europa osoko ikasle taldeak batuko dira Laudion eginen den “Forum to fight” topaketan. Helburua «hezkuntza kapitalistaren» aurka eta nahi duten unibertsitate ereduaren alde borrokatzea da. Eztabaidatu, koordinatu eta ados jartzen saiatuko dira.

Estatu espainoleko nazioetako ikasle antolakundeek deialdi bat egin zuten elkarrekin, Europako ikasleen ahotsak batu eta mezu irmoa helarazteko, bai Europar Batasunari eta bai Europako jendarteari. Eskaera horri erantzunez, hainbat talde etorriko dira gaur Laudiora, “Forum to fight” foroan parte hartzera.

Ikasleontzat, Boloniako prozesuak bide argia utzi zuen zabalik: «Europako unibertsitate publikoak gero eta pribatuago bihurtzea, horretarako tasen igoera gauzatuz, eduki akademikoak murriztuz, unibertsitateetako organoetan interes pribatuak gailenduz, eta abar luze bat». Bolonia hurbiltzen ari zen garai hartan ere, Europako ikasleek ahotsak batu eta hainbat ekimen egin zituzten elkarrekin. Nazioarteko foroak eta protesta bateratuak antolatu zituzten, eta ikasle manifestu bat ere sinatu zuten 2006an Bakaikun egin zen ikasle foroan.

Gaur egun ere argi ikusten ari dira ikasleak Boloniak zabaldutako bideari jarraitu nahian dabiltzala Europar Batasuna zein bertako kide diren gobernuak ere. Horren adibidetzat jarri dute EU2015, «Europatik datozen aginduen aitzakiapean espainiar Estatuak unibertsitateetan aplikatu nahi duen erreforma berria». Izen desberdinekin bada ere, Europako herri guztietan neurri berberak hartzen ari direla ohartzen dira: 3+2 sistema, unibertsitateetako organoetan indar pribatuen nagusitzea... «Funtsean, unibertsitateak eraldatu nahi dute, zerbitzu publikoa izateari utzi eta merkatuaren interesak aseko dituen langileria prekarioa sortzeko», gaitzetsi dute.

Hortik Europako ikasleen arteko batasun irmoa eratzeko beharra eta Europako Ikasleen Foroa antolatzea.

Laudion izanen den topaketan, egitarau betea izanen dute hiru egunetan. Gaur arratsaldean hasiko dira harrera ekitaldiarekin eta elkar ezagutzeko dinamikekin. Bihar eztabaida saioa, osoko bilkura eta bazkaria eginen dituzte. Arratsaldean berriz bilduko dira antolakundeak eta hitzaldi irekiak izanen dira: “Italia eta Suedia: Ipar eta Hego Europako egoera eta ikasle borroka”, “Nazio zapalduetako ikasle borrokak” eta Kurdistango Ikasle Batasunak emanen duen “Kurdistan: Ikasle borroka Konfederalismo Demokratikoan”.

Kontzertuekin amaituko dute larunbata eta igandean itxiera ekitaldia egin eta ondorioak aurkeztuko dituzte. Batera jarduteko gakoak topatzen saiatuko dira, bai orain eta bai etorkizunari begira.