GARA
BILBO

«Independentziari bai!» oihukatuko dute Iruñean 27an egingo den manifestazioan

Iruñeko Golem zinemen paretik, 12.00etan, abiatuko da martxoaren 27an Aberri Egunaren ospakizunerako Independentistak sareak antolatu duen manifestazioa, eta Sarasate pasealekuan bukatuko da ekitaldi politikoa eginda. Ondoren, Iruñeko kaleetan gauera arteko egitarau zabal eta oparoa izango da. Hori iragarri zuen atzo Independentistak sareak, aurtengo Aberri Egunak erabakitzeko eskubideari dagokionez jauzi egiteko «inflexio puntua» izan behar duela nabarmenduz.

Mezuaren gakoa «bai» hitza izango da, independentziari baietz esatea «demokraziari, justizia sozialari, euskarari, etorkizunari, euskal estatu burujabeari, euskal errepublikari eta abarri» baiezkoa adieraztea ere badelako.

«Alternatiba eraginkorrena»

Argi azaldu zuten Estatu espainiar eta frantziarrarekiko «aldebikotasun eskema jadanik iragana» dela, eta «demokrazian, justizia sozialean, berdintasunean eta askatasunean oinarritutako etorkizun komuna konpartitzeko prest» dauden guztien artean subjektu independentista berria eratzeko unea dela.

«Aurrera egitea da gelditzen zaigun alternatiba eraginkorrena» eta bide horretan «aldebakarreko bideari ekiteko estrategiak ezinbestez behar duen herri mugimendu zabal eta indartsua egitaratzeko garaia» dela adierazi zuten. Independentistak sareak bere «jarduera osoa» horretara jartzeko prest dagoela azaldu zuen, hausnarketa eta eztabaida bultzatuz.