Fredi Paia
Bertsolaria
JO PUNTUA

Inflexio emozionala

Urteak joan dira, 21 hain zuzen ere, Wayne Paynek «inteligentzia emozional» terminoa bere doktore tesiko izenburuan iltzatu zuenetik. Hamar urte geroago, Daniel Golemanek kontzeptua gizarteratu zuen bere best seller ezagunaren bidez. Urak bidea egiten du eta gaur egun oreka emozional kolektiboaren garrantziaz mintzo dira Euskal Herriko gogoeta politikoak.

Nik, nire bizitza esperientzia erlatiboki laburrean, emozio iturri mota nagusi bi nabaritu izan ditut. Bata, estatikoa, iraganari lotua, une intentsoetan sortua intentsitaterik gabeko harreman luzeetan baino gehiago, konpartitu izandako zerbaitek eragindako lotura ikusezina, abestiren bati, garai bati, leku bati lotua. Gure barruko emozioa pizten duen iraganaren oroimenak eragindako hunkipen estatikoa.

Bestea, dinamikoa. Ikastolan, umetan, egun-pasa inora joateko autobusean sartzen ginenean sentitzen genuena. Fantasia pizten duena, ezin duzu etorriko dena iraganeko irudiekin bisualizatu, berriak sortu behar ditu buruak, errealitatearekin sekula bat egingo ez duten irudi fantastikoak. Irudi horien sorrera prozesuan askatzen dugun energiak euforiaraino eroan gaitzake, zoriontsu sentitzen gara, eta bidaia edo egoera berria konpartitzen dugun bidaideekin lotura ikusezin estua sortuko da.

Politikara ekarrita, emozio estatikoek kohesioa eragiten dute. Azken astean kohesio prozesu pozgarria bizi izan dugu. Logroñon, Elgoibarren eta Belodromoan pilatutako energia emozionala elektrizitate bihurtzen asmatuko bagenu, energia nuklearra betiko alboratuko litzateke. Baina eraldaketa prozesuetarako emozio dinamikoa da piztu behar dena. Estatikoak ez du funtzio hori betetzen, lagungarria den arren.

Gizarte honen gehiengoa, autobusera igotzeko, zira-txanoa burutik eskegita eta maukak jantzi barik, kapa modura ipinita duen gizatalde emozionatu bihurtu behar dugu. Kanta zaharren baturak eragiten digun zirrara bera eragingo diguten abesti berriak sortzeko derrigortasuna dugu.