«Bullying»-a Ertzaintzaren begietatik
Duela pare bat aste Gipuzkoako herri txiki bateko institutu publiko batean izan nintzen, DBH 1, 2 eta 3ko ikasleekin, sare sozialen lanketa egiten. Lau egun pasatu nituen han, ez denak segidan. Azken egunean DBH 1ekoekin egon behar nuen. Eta iritsi nintzenean esan zidaten, bezperan, Ertzaintza izan zela eurekin, bullyinga eta ziberbullyinga mintzagai hartuta. Ertzaintza, uniformatuta, «pipa» eta guzti.
Hasieran kezkatu egin nintzen, nik ere landu behar nuelako ziberbullyinga (termino hori aipatzen ez badut ere). Eta suposatzen nuen bezperan jaso zuten mezuaren ondoan ezberdina izango zela nirea. Eta kezkatzen ninduen, batez ere, ikasleek polizia bat bullyingaz hizketan ikusteak. Ikasleen begietatik sartzen zenak, alegia.
Eta sarera jo nuen. Ertzaintzaren webgunean bertan topatu nuen iazko azaroko albiste bat: 18.000 ikasleren begiek ikusi zituzten, 2014-2015 ikasturtean, ertzainak bullyingaz hizketan, 164 eskolatan; bi sailen arteko lankidetzari esker: Segurtasun Saila, batetik, eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura, bestetik. Webgunearen arabera, saio horien helburua edozein motatako tratu txarrak hautematen laguntzea, salaketen prozedura argitzea eta prebentzioan sakontzea da. Eta albiste berean, Ertzaintzaren Formazio Arloko zuzendariak gai hauek perspektiba polizialetik lantzetik harago, hezkuntza perspektibatik ere landu behar direla azpimarratzen du. Eta horretara noa. Hor dago gakoa. Perspektiba poliziala beharrezkoa al da ba? Nire ustez, ez. Eta izango balitz, hori da landu behar den lehen perspektiba?
Baina albistea irakurtzen jarraitu besterik ez dago benetako helburuetara iristeko, literalki: Ertzaintza prebentzioarekin lotzea eta herritarren zerbitzura dagoelako ideia indartzea. Alegia, Ertzaintzaren figura humanizatzea da helburu nagusia eta horregatik, ziur aski, ezin dira uniforme eta «pipa»-rik gabe agertu. Ikasleen begietatik hori sartzea delako lehentasuna. Deitoragarria da.
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA
