Ariane KAMIO
ANDOAIN

Erraldoi bat, beste hainbat erraldoiren artean

Joan Mari Torrealdaik jaso zuen atzo Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona saria Andoaingo Martin Ugalden egindako ekitaldian. Euskal kulturaren erraldoitasunaren alboan bere txikitasuna aldarrikatu bazuen ere, bere obrak erakusten du ez dela izaki ñimiño soila.

Euskalgintzako eta euskal gi zartearen alor desberdinetako lagunak batu zituen atzo Joan Mari Torrealdaik Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean. Manuel Lekuona saria jasotzekoa zen kazetari, soziologo, ikertzaile eta idazle foruarra, eta bere inguruak ez zion hitzorduari bizkar eman. Eguerdiko hamabiak jotzeko minutu batzuk falta zirela, Torrealdaik berak bana n-banan agurtu zuen bertaratutako gonbidatu andana. Lagunak, senideak, lankideak eta ordezkari instituzionalak. Batzuk aipatzearren, Joxe Azurmendi idazle eta filosofoa, Andres Urrutia euskaltzainburua, Markel Olano ahaldun nagusia, Iñaki Dorronsoro Eusko Ikaskuntzako lehendakaria, Kike Amonarriz aurkezlea eta Cristina Uriarte Lakuako Kultura sailburua.

Gertukoenez inguratuta jaso zuen, beraz, Joan Mari Torrealdaik Manuel Lekuona saria, bere obra osoa goratzen duena. Epaimahaiak, joan den irailean bildutakoak, hainbat hautagairen artean hautatu zuen Torrealdairen izena. 32. izena da berea Manuel Lekuona saridunen zerrendan –hori jasotako seigarren bizkaitarra– eta, hain zuzen, Manuel Lekuonaren balioei bide emateagatik saritu dute Torrealdairen lana. Egitura ofizialetatik kanpo eta babes instituzionaletik at egindakoagatik. Izan ere, Lekuonak berak ez zuen kezka bakar gisa euskara eta euskal kultura ikertzea, horiek bizirautea ere bazen bere helburuen artean. Eta Torrealdaik bere jakintza gizarteratzeko izan duen gaitasuna goratu zuten atzo Andoainen.

Erraldoien artean

Labur baina argi aritu zen Joan Mari Torrealdai bere hitzaldian. Iñaki Dorronsoro eta Markel Olanoren eskuetatik oroitikurra jaso ondoren eman zion hasiera bere mintzaldiari, eta 1971ra egin zuen atzera, Xalbadorri bertso saio batean jarritako gaira, hain zuzen. «Ni naiz» zen gaia, bere izena eta izana definitzeko bidea zabaltzen zion aukera. Eta bertsolariaren erantzunaren zati bati heldu zitzaion saritua: «Ez naiz izar bat, ezta eguzkia ere». Eta ez zen izan atzokoan baliatutako erreferentzia bakarra. «Ipotx bat naiz erraldoien bizkar gainean igoa». Mende batzuk atzerago erabili ohi zen esaldia eraman zuen ahora Torrealdaik, jakintzaren aurreramendua luzatze aldera erabili izan dena.

Berak, aitortu zuenez, ez du bere burua erraldoi horietako baten gisa ikusten. «Alderantziz», egin zuen azpimarra, «nik ez dut besteek baino gehiago ikusten». Eta jarraitu zuen: «Alderantziz, erraldoiei esker ikusten nauzue zuek ni. Nire obra, zerbait bada, kolektiboa da hori».

Ildo horretan, erraldoien artean hor goian mantentzen duten alderdi asko badirela esan zuen. Eta aipatu zituen horietako batzuk: familia, “Jakin” aldizkaria, Euskaltzaindia, “Egunkaria”... eta bereziki “Jakin” eraberritzeko apustuan bat egin zuten lankideen zerrenda, Joxe Azurmendi eta Paulo Agirrebaltzategi horien artean.

Manuel Lekuona bera ere gogora ekarri zuen Torrealdaik eta nola Andoainera maiz etortzen zen bisitan. Batez ere Lekuona arregitarren etxean bizi zenean. Bazkardo auzoko Eguzki-Alde etxera Rikardo Arregiri bisita egitera joaten zenean egoten zen Lekuonarekin eta onartu zuen, urteen igaroaren ondoren, antzekotasun handiak dituztela elkarren artean. Horregatik agertu zen pozik Eusko Ikaskuntzaren saria jasotzeagatik eta, soiltasunez, hasi bezala amaitu zuen bere hitzaldia Torrealdaik, «eskerrik asko» zabal batekin.