Babestu haurrak eta etxebizitzaren balioa
Zabalgana auzoan, Gasteizen, Mendebaldean oro har, inork ez du erlijio askatasunaren aurka egiten, inor ez da xenofoboa, are gutxiago kultura eta pertsona arrotzen aurka egiten duena –adibide bat: homosexualitatea susmopean jartzen dutenek eskuarki asko maite duten lagun homosexualen bat izaten dute–. Baina batzuek, ez dakit zenbat –eta sinetsi nahi nuke bakan batzuk baino ez direla–, ez daude etxe ondoan meskita bat zabaldu dezaten onartzeko prest. Zabalganan ireki nahi duten meskita beste auzo batean balego, arazorik ez; izan ere, meskita hori gaur egun aldameneko auzoan dago, Ariznabarran, hain zuzen, baina Zabalganara aldatzeko asmoa dute. Zabalganako bizilagun horiek erlijio askatasuna errespetatzen dutela erakutsi dute, ez baitute txintik ere esan meskita hori Ariznabarran egonda. Etxe ondoan onartezina omen da, ordea. Batez ere, haurrak jolastera jaisten direnean haren eragina jaso lezaketelako («se verían afectados»: erasota?).
Orain aspaldi ez dela Gasteizko beste auzo batean kexa bat izan zen aisia-pub tematiko... sexual bat jarri nahi zutelako. Zenbait bizilaguni onartezina gertatu zitzaien, hala berean, kale bereko parkean umeak jolasean ibiltzen zirelako. Ez dakit ditxosozko puba zabaldu zuten ala ez; edonola ere, egun batean horrelako leku batera joaten banaiz, haurrik gabe joango naiz.
Zabalganako elizaren inguruan ere haurrak ibiltzen dira egunero; are gehiago, guraso askok berekin sartzen dituzte barrura. Ez dut uste arriskutsua denik, baina Eliza katolikoaren menpeko instituzioetan haurren aurkako sexu-abusu ugari gertatu izan dira, Gasteizen ere bai. Eta, hala ere, zenbaiten ustez musulmanek dakarte gure umeentzako arriskua.
Meskitaren aurkako beste argudio bat auzoko etxebizitzen debaluazioa da. Etxebizitzen balioa arrazoi –eta gehienetan desarrazoi– asko direla-eta handitu edo txikitzen da. Eta onartu beharra dago Zabalganako etxebizitzak debaluatu egingo direla, baina ez meskitagatik, meskitaren aurka agertu diren horiengatik eta gisakoengatik baizik.

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak
