Arantxa MANTEROLA
LANGABEZIAREN ATAKAK

LAN BILA BIARRITZEN, KARRIKAN BAIONAN

LAPURDIKO BI HIRIETAN IZAN ZEN, ATZO, JOAN-ETORRI UGARI LANAREN INGURUAN. EHUNKA HERRITARREK BIARRITZEKO ENPLEGU FORUMERA JO ZUTEN HAN ESKAINTZEN ZIREN 500 LANPOSTUETAKO BAT LORTU NAHIAN. UNE BEREAN, BAIONAKO KALEETAN, BESTE EHUNKA BATZUEK LAN-ERREFORMA BERTAN BEHERA UZTEKO EXIJITU ZIOTEN GOBERNUARI.

Aireportuaren ondoan dagoen Irati erakustazokan zerbait mardula zegoela salatzen zuen ohi baino ibilgailu trafiko handiagoak. Izan ere, lan-eskaintzak dituzten enpresa eta erakundeek eta lan bila dabiltzan herritarrak harremanetan jartze aldera, Pole Emploi-k (lan agentzia ofiziala) urtero antolatzen duen forumera jende andana hurbildu zen. Adin guztietakoak, Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoatik ez ezik, inguruetatik ere jindakoak, bizimodua aurrera ateratzeko aukeren atzetik.

Adibidez, egun Pauen bizi den Elisabeth. 49 urteko emakumeak, jatorriz baigorriarra, ostalaritzan lan egingo luke uda partean. Curriculum batzuk utzi zituen esparru horretan zeuden standetan, «oso gutxi –bere esanetan–, Ipar Euskal Herrian sektore horrek duen pisua kontuan hartzen bada». Agian lanposturen bat sortuko zaiola uste du baina, «bigarren arazoa, eta ez nolanahikoa, denbora horretan non bizi da, hemen zinez oso zaila baita bizitoki txukun bat aurkitzea aldi baterako langileentzat».

 

Bidasoaz bestaldean ere bai

Bixente, berriz, diseinatzaile teknikoa da eta industriagintzan arituko litzateke gustura, lanpostua egokituko balitzaio. 27 urteko hazpandarra langabezian da duela gutxitik eta, erakustazokako aukerak begiztatu ostean, curriculum pare bat utzi zituen soilik. «Hegoaldean ere aritu izan naiz lanean eta ez litzaidake inportako han berriz lanpostu bat aurkitzea», zioen Lanbideko mahaitik jada igaro zela nabarmenduta.

EAEko enplegu zerbitzuak, hain justu, urteak daramatza ekimenean parte hartzen. Violeta Morcillo, Eures Europako eremuan lana aurkitzen laguntzen duen egiturako kideak, «batez ere iparraldean bizi baina frantsesa aski menperatzen ez dutenak» hurbiltzen zaizkiela argitu zuen. Bi lan-zerbitzutan –Pole Emploi eta Lanbide– lana bilatzeko izena eman daitekeenik ere ez omen daki jende askok, gaineratu zuen.

Lana eskaintzen zuten enpresak alor askotarikoak izanik ere, batez ere hirugarren sektorekoak (etxez etxeko laguntza zerbitzuak, garbitzaileak, komertzialak...) ziren nagusi. Nazioartean bilaketak egiteko azalpenak ematen zituzten erakundeak ere baziren, Quebec eta Kanadari buruzkoetan, ilara harrigarriekin. Jendarmeriak, Poliziak edota Armadak ere ogibidea eskaintzen zuten, azken horretan eskaera nabarmen emendatu delarik, seguru asko, Estatu frantsesean izandako azken atentatuen eraginez.

Lan erreformari ez

Bien bitartean, Baionako karriketan ere ehunka pertsonak lan arazoak zituen hizpide; hori bai, ikuspegi oso desberdinetik. Izan ere, Gobernua prestatzen ari den Lan Kodearen erreforma bertan behera utz dezala exijituz Lan Burtsatik suprefeturainoko bidea egin zuten.

Iragan martxoaren 9an ez bezala, gazteek langile-sindikatuek baino protagonismo handiagoa izan zuten atzo, manifestazio buruko pankarta beraiek eraman baitzuten. Halere, parte hartu zuen ikasle kopurua nahiko eskasa izan zen.

Estatuko beste hainbat hiritan ere lizeoetako eta unibertsitateetako ikasleen protestak izan ziren, eta batzuetan –Paris, Rennes, Marseilla– istiluak izan ziren gazteen eta polizien artean.

Asteburu honetarako mobilizazio gehiago iragarri dira Ipar Euskal Herrian. El Khomri legearen aurkako Ipar Euskal Herriko kolektiboak, LAB, CGT, NPA eta PCF-k, besteak beste, deituta elkarrateratzeak egingo dira larunbatean, goizeko 10.00etan, Baionan, Hendaian, eta ordubete geroago, Donapaleun.