GARA
DONOSTIA

Sententziaren zain, aske gelditu dira Azkona, Ariznabarreta eta Ladron

Duela bederatzi urte gazte mugimenduaren kontrako jazarpena salatzeko AP-8 autobidea moztu zuten lagunen kontrako epaiketa atzo egin zen, Donostian. Bertan, Fiskaltzak bi urte eta erdiko espetxe zigorra eskatzen zuen Naroa Ariznabarreta, Asier Alberdi, Aritz Azkona, Saioa Zerain eta Ainara Ladronentzat, baina atzoko saioan eskaera 21 hilabetera jaitsi zuen, bakoitzarentzat. Epaiaren zain, Ladron, Azkona eta Ariznabarreta aske gelditu ziren ondoren.

Lau aldiz atzeratu dute epaiketa. Azkenekoz, martxoaren hasieran, epaiketara ez baitziren agertu Ladron, Azkona eta Ariznabarreta. Horren ondotik, hirurak atxilotuak izan ziren, eta Martutenetik Valladolid eta Logroñoko espetxeetara urrundu zituzten, nahiz eta epaiketa astebeteren buruan egingo zen.

Jazarpenei buruzko mozioa

Hain justu, gasteiztarren eskubide zibil eta politikoen aldeko mozioa aurrera atera zen atzo, EH Bilduren eta EAJren botoekin. Eleak mugimenduak hiriburuko hainbat gaztek jasandako jazarpenaren berri eman zion udalbatzari. Beñat Ortiz de Lazkano eta Isaak Ziaurritzek abenduan publikoki salatu zituzten egoerak horren adibide dira: abordatzeak, beldurrarazteak…

Onartutako testuaren arabera, halaber, Gasteizko Udalbatzak «militantzia eta disidentziarako eskubideak» babestu ditu, eta «gazte hauei eta ideologia-arrazoiengatik bere eskubideak urratuta izan ditzakeen gasteiztar orori» elkartasuna adierazten dio.