«Autozentsura gabeko» bidea onetsi da Hizkuntza Foroan
«Hizkuntza politiken foroa» burutu zen ostiralean, Hendaiako Herriko Etxearen ekimenez, Anton Abbadie auditoriumean. Estatuko toki ezberdinetako ordezkariek, euskalgintzako kide eta teknikarien aurrean, «ausardia» eskatu zuten Legearen mugei aurre egiteko.

«Zer falta zaie gaur egun hizkuntza politikei? Koofizialtasuna, legea...?». Galdera horri erantzuteko mahai-inguruan bildu zituen ostiralean Hendaiako Herriko Etxeak Paul Molac diputatu bretoia Asanblea Nazionalean, Saveriu Luciani Korsikako Kontseiluan hautetsi exekutiboa, David Grosclaude Okzitanieraren Erakunde Publikoko lehendakaria eta Jerome Parrilla Ipar Kataluniako Ille-sur-Tet herriko auzapezordea.
Bide ezberdinetatik, eta ñabardurak ñabardura, guztiek onetsi zuten, «frantses errepublikan dagoen giro politikoa» kontuan izanda, Grosclaudek berak laburbildu zuen eran, «ausart jokatzea» tokian tokiko hizkuntza politiketan. Horrekin Errepublikaren «haserrea pizten bada, hor konpon... arriskuak asumitu behar dira, horretarako hautatzen gaituzte, besteak beste, ordezkari politikook», borobildu zuen tesia Parrillak.
Lobbya eta ausardia
Hitza hartzen lehena izan zen Luciani korsikarrak –bideokonferentziaz egin zuen, gainerakoak bertan ziren– iragarri zuen Korsikan «koofizialtasun prozesu bat abian» dela. Gogoratu zuen duela bost urte neurri hori galdegin ziotela Kontseilutik Parisi eta «erantzunik ez» dutela jaso. Gauzak horrela, iazko maiatzean eskea berretsi eta bide-orri bat adostu zutela, «geure borondatez eta dauzkagun bitartekoekin» aurrera egiteko; «hara zertan garen Korsikan, opa iezaguzue zorte ona!» eskatu zien forokideei agurtu aitzin.
Urtarrilean Asanblea Nazionalean tokiko hizkuntzen aldeko legea aurrera ateratzen saiatu zen Paul Molac diputatuak lege estatusa izateari garrantzia aitortu zion eta jomuga zirriborratu zuen: «Helburua zera da, legeak ez diezagula, gaur egun bezala, egin behar duguna egin dezagun galarazi».
Asanblea eta Senatua mugitzeko, «toki eta familia politiko ezberdinetako» diputatuen elkarlana eskatu zituen eta ondoan herri mugimendua izatea, denen artean lobby eraginkorra osatzeko. Hizkuntza politikei «ziurtasuna» ematea luke xede lobbyak, eta Grosclaudek «gobernu batentzat gudu guztien ama» deitu zuena baliatzekoa: datorren urteko Presidentetzarako eta Asanblearako bozak. Argi du Molacek aldaketaren bat etorriko bada PSFren eskutik etorriko dela eta horregatik zuritu zuen, diputatu ekologista izanagatik, PSFrekin elkarlanean jarraitzea, urtarrilean berak aurkeztutako legea atzera bota zioten arren.
Begiak Parisen jarrita ibili ondotik, eta hitz-txanda librera iritsita, herri mailan, nola hautetsiek hala herriko etxeek, egin dezaketenari buruzko eztabaida piztu zuten parte-hartzaile baten hitzek eta horrek, frantsesa ez beste hizkuntzak «mehatxutzat» hartzen eta tokiko hizkuntzak «hauts itogarria» gogora dakarkion «ondare» gisa izendatzen dituen errepublikan –Sylviane Allaux euskal diputatuaren salaketa hitzak forumaren itxiera hitzaldian–, ekintza gauzatuen aldeko politiken aldeko erantzun jasa eragin zuen. Entzuleen artean zegoen Bretainiako hautetsi batek esan zuenez, «aurrera egin behar da; prefetak beti esaten baitu ezetz eta ezetz!».
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA
