MITOLOGIA, HAURREN OPTIKA ETA HIZKUNTZATIK ABIATUTA
Ikastetxe baten atarian sortutako kezka baten haritik sortu da «Euskal mitologia haurrei kontatua». Hiru zutabe nagusi ditu: kondairak berreskuratzea, ahozkotasuna hauspotzea eta mitologia haurrei egokitutako hizkuntzan ematea. Lau hizkuntzatan dago jada.

Ikastetxe atarian euren seme-alabei kontatzen zizkieten ipuinez eztabaidatzen ari zirela otu zitzaien Bakarne Atxukarro eta Izaskun Zubialderi euskal mitologiako kondairak bildu eta berridaztea. «Galdeketa eginda, konturatu ginen gure haurrei beti ipuin berak kontatzen dizkiegula, ‘Txanogorritxo’, ‘Hiru txerritxoak’... ez garela hortik irteten, eta gogoratu ginen gu haur ginela gurasoek Tartalo eta halako pertsonaiez hitz egiten zigutela. Pentsatu genuen zergatik ez genituen berreskuratzen gure etxeetan edo eskolan kontatzen zizkiguten kondaira haiek. Horrela sortu zen ideia», oroitu du Zubialdek.
Atxukarro eta bera Irunen jaioak dira, haurtzarotik ezagutzen dute elkar eta biak dira «nafarrak adopzioz». Egun, batak Iruñean du bizilekua eta besteak, Zubietan, irakasle bezala lan egiten duen herrian. «Irakaskuntzan ere ikusten genuen behar hori, edo nik sumatzen nuen behintzat. Mitologiaz mintzatzen diren liburu gehienak helduei bideratuta daude, helduen hizkuntzan daude idatzita informazio horietatik gehienak eta bere horretan haurrei transmititzeko ez dira baliagarriak».
Hausnarketa horiek buruan, euren kabuz mitologiako dokumentazioa ikertzen hasi ziren, euren etxeetan jaso zutenetik hasi eta Joxe Miel Barandiaranen idatzietaraino, eta kondaira sorta bat bildu eta kontrastatu zutenean, euren galbahetik pasatu eta berridazteari ekin zioten. Euskaraz batak, gaztelaniaz besteak. «Guri ondo iruditu zitzaizkigun datuak hartu ditugu, koktelera batean sartu eta berregin egin ditugu ipuin horiek haurrei egokitutako diskurtso batean. Nik euskaraz idatzi nituen eta Bakarnek gaztelaniaz, eta gero bien artean bertsioak ontzen eta osatzen joan ginen, hemen informazio hau, hor elkarrizketatxo bat sartu... Bi hizkuntzatan egitea erabaki genuen euskal mitologia euskaraz transmititu behar zela ulertzen genuelako baina, aldi berean, gure errealitatea da guraso askok ez dakitela euskaraz eta horiek ere izan behar dutela euren seme-alabei euskal mitologiaz, euskal kulturaren zati honetaz hitz egiteko aukera».
Lehen labealdia autoedizioaren eskutik etorri zen. Argitaletxeetan ate-joka aritu eta erantzunik jaso ez zutenez –«urri bukaeran joan ginen, denak Durangora begira zeudenean eta ez ziguten kasurik ere egin!», oroitu du–, lagun baten gomendioz bide horri ekitea erabaki eta argitalpenaren edizio digitala Amazon-en zintzilikatzea erabaki zuten. «500 deskarga izatera iristen baginen jada arrakastaz hitz egin genezakeela esan ziguten eta, beraz, imajinatuko duzu gure ezustea zenbaterainokoa izan zen hiru egunetan 12.000 deskarga izan zituela jakin genuenean... zoratu egin ginen!», gogoratu du Zubialdek. Zalapartak Denon Artean argitaletxea animatu eta harekin egin zuten lehen bildumaren berrargitalpena, Asun Egurzaren ilustrazioekin, iazko maiatzean.
Bigarren ipuin-bilduma, “Euskal mitologia haurrei kontatua”, urte bereko urrian etorri zen. «Mikel [Soto, Txalapartako editorea] gurekin harremanetan jarri zen inork kasu egiten ez zigun une horretan, baina esan zigun irudiak ez zetozela haien tipologiarekin bat. Asunek bere lana egina zuenez, ilusio handiarekin gainera, ez genuen proiektua atzera bota nahi. Testu gehiago izanez gero aurkezteko esan zigun, eta hala egin genuen». Hala, Txalaparta argitaletxearen eskutik eta Aitziber Alonsoren ilustrazioekin –bereak dira orrialdeotako irudiak– etorri zen bigarren ipuin-bilduma, oraingo honetan haur helduxeagoei bideratua. «LH eta DBH 1 eta 2ko haurrentzat aproposa da, hizkuntza maila jasoagoa da, hikan sartzen gara, testu gehiago du eta irudi gutxiago... Ze, askotan, gertatzen da helduentzat eta haur txikientzat baditugula liburuak, baina, zer gertatzen da nerabeekin? Publiko honek mitologiaz gozatzeko aukera izan zezan ere nahi genuen», zehaztu du.
Balioak eta ahozkotasuna
Orotara, hamar ipuin biltzen ditu bigarren argitalpenak eta, zenbait pertsonaiaren kondairak kontatzeaz gainera –Tartalo, Lamiak, Txantxangorri...–, hainbat ohituraren berri ere ematen du. Etxeetako ateetan ekilorea zergatik jartzen den eta kukua udaberriarekin etortzen dela zergatik esaten den, adibidez. «Kontatzen zigutenetik abiatuta, sakontze lan bat egin dugu. Ez dugu ezer asmatu, baina egia da, adibidez, liburua atera genuenean Halloween topera zebilela eta ikasi dugu Baztango zenbait herritan ospatzen zela, Gaztainerre Eguna izenpean... Atzerrikoak ekarri beharrean, hemengoak berreskuratzeko lana egin beharko genuke», esan du. Era berean, bildu dituztenak balioetan oinarritzen diren ipuinak direla eta irakurleek lerroartean zenbait mezu jasotzen dituztela nabarmendu du: «Naturarekiko errespetua dago, helduei kasu egitea, jendearekiko errespetua, auzolana... badaude gaur egun ahaztuxeak dauden zenbait balio, eta, fabulak izatera iritsi gabe, zer pentsatua ematen diguten ipuinak dira. Nahi izanez gero, hausnartzeko momentuak badaude ipuin hauetan».
Balioez gainera, ahozkotasunari merezi duen espazioa ematea eta irakurlea ipuinak kontatzeko tradiziozko eratara erakartzea da bigarren bildumak duen berezitasunetako bat. Izan ere, Txalapartaren webgunean (www.txalaparta.eus) ipuin guztien irakurketa dramatizatuak entzun daitezke: «Azken finean, guri nola iritsi zaigu mitologia? Ahoz. Hori izan zen ideia bat Mikelek oso ongi ulertu zuena, pena zela egun ditugun aurrerapen guztiekin proiektua liburuan bakarrik geratzea. Mikeli ipuinak entzun egin nahi genituela esan genion, ahozkotasunaren balioa nabarmendu behar zela, eta hala egin genuen. Eskoletarako ere material bikaina da, baina, batez ere, ez ahazteko kondaira horiek guri nola iritsi zaizkigun».
Lau hizkuntzatan
Halako liburuen «beharra bazegoela» azpimarratu du Zubialdek eta, argudio gisa, orain artean kaleratu dituzten bi bildumek salmentaren alorrean izan duten arrakasta nabarmendu du. “Euskal mitologia. Euskal ipuin herrikoien bilduma” argitaratu eta astebetera egin zuten bigarren labealdia, eta Durangoko Azokara hirugarrenarekin iritsi ziren. Horri segida ematen dion “Euskal mitologia haurrei kontatua” bildumak atera eta hilabetera ikusi zuen bigarren argitaraldia. Eta hirugarren bilduma egongo dela ere iragarri du: «Guk beti esaten dugu hau bere bidea hartu duen proiektua dela, hasieratik berak markatu digulako nondik joan. Eskaera badagoela ikusi dugu eta uda ingururako hirugarren bilduma bat prest egongo dela uste dugu, badaudelako zenbait pertsonaia atera nahi ditugunak, guretzat esanguratsuak direlako», azaldu du.
Arrakasta horren beste adibideetako bat da dagoeneko lehen liburuxka lau hizkuntzatan eskura daitekeela. «Iparraldea oso hurbil dugu eta gertatu zen Zugarramurdi, Sara, Ainhoa, Hendaia, Baiona... alde horretakoek frantsesera itzultzea eskatzen zigutela, guraso askok euren seme-alabak ikastoletara daramatzatelako baina eurek ez dakitelako euskaraz, eta oinarri hori izan nahi zuten frantsesez». Hala, frantsesera itzultzen ari zirela, AEBetako euskal etxeetatik ingelesera itzultzeko eskaria ere iritsi zitzaien. «Hemendik joanak diren euskaldunen ondorengoek, euskaldun sentitzen direnek, interesa agertu zuten» eta Euskal Herriko Unibertsitatearen bidez ingelesera itzultzeko proposamena iritsi zitzaien. «Bitxiena da gu ez garela haiengana joan, haiek etorri direla guregana bi kasuetan; eta Durangoko Azokan egon ginenean, galegoz eta katalanez ere eskatu ziguten... Honek guztiak nahi edo behar bat bazegoela adierazten du».
Bai bera bai Atxukarro bilduma izaten ari den oihartzunarekin «harrituta» daudela baieztatu du Zubialdek, «gure asmoa gure haurrentzat halako liburuxka edo ipuin-sorta bat ateratzea zelako» eta, orain, proiektu hura abiapuntutzat hartuta hainbat ekimen sortzen ari dela ikusten dutelako. «Non bukatu behar duen honek? Auskalo!», bota du Zubialdek, eta «printzipioz» muga aurreikuspenen arabera argia udan ikusiko duen hirugarren ipuin-bilduman dutela zehaztu du. Hortik aurrera, orain artean bezala, proiektuari bere bidea egiten utziko diotela ziurtatu dute egileek.

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»
