Euskal atletak bikain aritu dira bertikalen probenerreinuan
Cabrales 3 Verticales hitzordu gogorrean, nesketan, Oihana Kortazar gailendu zen. Julen Martinez de Estibarizek bigarren postua sinatu zuen mutilen mailan.
Mendi lasterketen munduan, norbanakoen zein ultren probekin alderatuta, bertikalak ez dira hain arrakastatsuak. Espezialisten kopurua pixkanaka gora egiten ari da, baina, mendi lasterkari askok dioten moduan, ez dute hainbeste erakartzen.
Zergatik den hori? Agian, arrazoietako bat izan daiteke oso lehia motzak eta leherkorrak direla. Oso distantzia laburrean, goranzko desnibel handia egin behar da, eta sentsazio hori korrikalari gehienei ez zaie gustatzen. Alabaina, gero eta bertikal gehiago egiten dira; eta, aipatu bezala, gero eta espezialista gehiago daude.
Hilaren 2an eta 3an, adibidez, bertikalen mundua atsegin dutenek hitzordu berezi bat izan zuten. Aurretik erronka erakargarria zein gogorra izan zuten: Cabrales 3 verticales.
Lehen aldia zuen, eta, arrisku handiko apustua izan bazen ere, emaitza arrakastatsua izan zuen. Izan ere, hitzordu horrek egun eta erdian hiru bertikal zituen. Hirurak ala hirurak oso gogorrak. Europako Mendietan jokatu ziren; hots, Penintsulako desnibel basatienak dituzten mendietan.
Eta basati hitza oso egokia da bertikal hauek izendatzeko, besteak beste, Cabrales 3 Verticales hitzordua “bertikalen erreinutzat” hartu delako. Lehen probak, larunbat goizean izan zenak, Calluenga du izena: 2,5 kilometro eta 984 metroko desnibela. Bi zati ezberdin: lehena, basoa eta mendi txikia; eta bigarrena %50eko aldatsak eta amaieran 15 metroko kanal ikusgarri bat. Arratsaldean, berriz, Subisomas izenekoa jokatu zen: 3 kilometro eta 1.042 metroko desnibela. Aurrekoa baino “lasaiagoa”, baina aldats gogorrak dituena hori ere. Eta biharamunean, igandean, Aventon proba izan zen: 1.890 kilometro eta 1.004 metroko desnibela. Azken hau benetako murru bat da: bertikalen artean munduko bigarren gogorrena omen da.
Kortazar, irabazle
Bai, zalantzarik gabe, asteburu horretan jokatu ziren hiru bertikalek denak ahoa bete hortz utzi zituzten. Lasterkariak oro har iritzi berekoak ziren: «Ia inork ez genuen proba hau imajinatzen. Beldurra eta errespetua ziren nagusi. Ez genekien zer gertatuko zen eta hiru lehia horiek nola kudeatu behar genituen».
Parte-hartzeari dagokionez, aipatu behar da handia izan zela eta Estatu espainoleko espezialista eta korrikalari zaildu batzuk han izan zirela: Paula Cabrerizo, Oihana Kortazar, Ferran Teixido, Asier Larruzea, Iñigo Lariz...
Eta euskal lasterkariei dagokienez, esan behar dugu emaitza ezin hobeak erdietsi zituztela. Hiru probetako denborak kontuan hartuta, nesketan, sailkapen nagusia Kortazarrentzat izan zen. Elgetarrak bi garaipen eraman zituen (Subisomas eta Aventon) eta bigarren postu bat. Cabrerizo bigarren izan zen, eta Aitziber Ibarbia, berriz, laugarrena.
Mutiletan, bestalde, inolako dudarik gabe, Cabrales 3 Verticales hitzorduko protagonista nagusia Andorrako Teixido izan zen; izan ere, hiru lehiak irabazi zituen.
Julen Martinez de Estibariz oso erregularra izan zen, eta bigarren postua lortu zuen. Lehen hamarren artean beste bi euskal korrikalari sailkatu ziren: laugarren postua Asier Larruzearentzat izan zen, eta zortzigarrena, Markel Zamakonarentzat.
Aipatu nahi dugu ere, euskal espezialista indartsuenak, Larizek, Aventoneko proba soilik jokatu zuela. Bigarrena izan zen. Hori bai, elgoibartarrak iazko denbora sei minutuan hobetu zuen: «Inoiz egin dudan bertikal gogorrenean eginiko lanarekin oso gustura nago. Benetako murru batean lehiatu gara».

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»
