GARA
PORTUGALETE

120 ikastetxek egingo diote uko LOMCEren azterketari

Portugaleten 300 lagun bildu ziren atzo Topaguneak deituta LOMCE legea eta Lakuako «Heziberri 2020» plana arbuiatzeko. Dituzten datuen arabera, 120 ikastetxek uko egin diote 3. mailako azterketari.

Hezkuntza Plataformen Topaguneak egindako datu bilketaren arabera, 120 dira, gaur-gaurkoz, LOMCE legearen aplikazioari jarraiki “Heziberri 2020” planak agintzen duen 3. mailako azterketa ez egiteko hautua egin duten ikastetxeak.

«Azterketa antipedagogikoa» dela iritzi dio eta, azaldu duenez, berau maiatzaren 2tik 27ra bitartean egiteko agindu du EAEko Hezkuntza Sailak. «Baina ikasle, familia eta, oro har, hezkuntza komunitatearen lanari esker, 120 dira, momentuz, ebaluazio inposatu hau egingo ez duten ikastetxeak». Zerrenda batean zehaztu dute Araban 29, Bizkaian 46 eta Gipuzkoan 45 zentro direla azterketa egitearen aurka daudenak, baina ez dute ikastetxe bakoitzaren izena jaso, nongoak diren zehaztu baino ez dute egin.

Azterketari plantoa adierazteko manifestazioa deitu zuen Topaguneak atzo Portugaleten eta berau 300 lagunek babestu zuten, deitzaileek eskaini zituzten datuen arabera. Bertan azterketari uko egiteko beharra berretsi zuten ordezkariek, eta Cristina Uriartek zuzentzen duen sailak Lakuak diseinatutako “Heziberri 2020” planeko dekretuak atzera botatzeko eskatu zuten. Hala, Topaguneak hamaika bider salatu bezala, atzokoan ere «LOMCEren euskal aplikazioa» salatu zuten, «ebaluazio sistema propio babestuko duen hezkuntza sistema» beharrezkotzat joz.