«Mr. Señora», edo norbere pentsamendu bakarraren aurka matxinatzeko ideia bilduma

«Jaun, andere, jaundere eta ez bata ez besteok, areto honetan elkartu zaituztet gaur hizpide bakarrarekin: desarmairugabetzea». Esaldi horrekin abiatzen da Oier Guillanen “Mr. Señora (eta beste ileorde batzuk)” (Txalaparta), erantzunik eman gabe galderak bata bestearen atzetik kateatu eta irakurle/ikuslea bere barneko “pentsamendu bakarra”-ren aurrean jartzera xaxatzen duen argitalpena.
Zazpi antzerki obraren testuak biltzen ditu “Mr. Señorak”. «Gure sistema literario txikian, salmentari begira, genero zailenetarikoa da antzerkia, baina honek baditu argitaratua izateko arrazoi asko: badauzka ideia oso potenteak, estimulanteak eta kritikoak, eta badauka gaitasuna guztiei eragiten diguten gaiak lantzeko», ziurtatu zuen Txalapartako editore Mikel Sotok. Jeloskortasunaz, minaz, heterosexualitateaz, bakardadeaz eta norberekeriaz hitz egiten duten obrak dira, probokazioz, ironiaz eta elkartasunez bustiak, eta genero ikuspuntua aintzat hartu eta landuta idatziak.
Testuez gainera, Idoia Beratarbideren ilustrazioak ere baditu: «Generoa, umorea eta jolasak, eta ispiluak ere erabili ditut elementu guztiak lotzeko», azaldu zuen ilustratzaileak, obra bakoitzak bere izaera badu ere horiek baitira, haren hitzetan, argitalpena bateratzen duten elementuak. Lehen obra da liburuari izena ematen diona eta, bertan, «gorputz mehatxatu eta matxuratuez» mintzatzen dela azaldu zuen Guillanek, baita Metrokoadroka-ko kideak testuaren irakurketa dramatizatuak egiten hasiko direla iragarri ere: lehena hilaren 21ean izango da, Zarauzko Literaturia jaialdiaren barnean, eta Guillanez gain, Amaia Corral, Joseba Roldan eta Ainhoa Alberdi izango dira antzezpenean parte hartuko dutenak. «Antzerkia baino irakurketa dramatizatua izango da, zenbaitetan oso fisikoa izango bada ere», iragarri zuen Guillanek. Hurrengo egunean, 22an, Donostiako Guardetxean ikusi ahalko da “Mr. Señora”, Poesia Egunaren barnean.
Argitalpena osatzen duten gainerako sei antzezlanak azken hamarkadan idatzi ditu (gehienak taularatu ere bai) eta horietan Guillanek zalantza eta kontraesana erabiltzen ditu ideiak plazaratzeko. “Hautudeterminazioa”-n dialogo absurdoek hartzen du pisua, “Ate etzana”-k negoziazio mahai baten bueltakoak biltzen ditu, “Maite zaitut oraindik” askatasunaz eta elkartasunaz ari da, “Minari buruzko solasaldiak” atalean dramaturgia sortzeko material proposamena egiten du, “Bi ahots”-en umorea eta eztabaida absurdoak nahasten ditu eta “Arra. Arraroa” piezan 2010ean «gizontasun eta gizonkeriaz» idatzitako testua berrikusten du.
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA
