Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Amesgaiztoak egunez dira

Gaur ez dut ondo lo egin. Eta hemen nabil egunkari biei begira, aurrera paperak, paperak atzera, alfertuta, zeri eutsi ezinean, gorputza nora ezean, burua barne. Baina, hori alboan utzita, zer handia den loarena! Lo urria baina sanoa da nirea, salbuespenak salbuespen. Ohera sartutakoan benetan estimatzen dudana loak zelan hartzen nauen sentitu eta gozatzea da, horixe loari eskatu lehena. Azken batean, behin lo seko egonda zer daukat, bada, gozatzeko? Bai, egia, lo ondo egindakoan fresko altxatzen zara, egunero prestatu behar diren aldaketetarako animoso, baina goizeko horretaz gain gauekoaz ere gozatu behar da.

Horregatik, hurrengo goizean aparteko zerbait egiteko izatekotan, tribuna batetik berba egin edo konposteko hondarrei eragin, orduan bestelako loaldia da nirea.

Eta hara! loa bere osoan gozatze aldera, kale-izkina batean erositako iratzargailua bi orduz bi ordu jotzeko programatzen dut. Jo eta segituan esnatze horrek aukera ematen dit berriz ere loak zelan hartzen nauen gozatzeko; pare bat minutuan berriro nago loan seko. Gailuak hirugarrenez jotzean, orduan bai, jauzi batez altxatu, arropa eskuan hartu, gelatik oin-puntetan atera… eta komunera, aurrera paperak, paperak atzera… Lo sanoa, gero!

Jakina, salbuespenak badira, araua baieztatzekoak. Adituek diote ezin baduzula loa hartu ardiak kontatzen hastea dela bidea, loak behintzat zu har zaitzan. Litekeena da, zure etxe inguruan artalderik izatekotan; ardi transgenikoekin lo gutxi, diot nik!

Halakoetan bada beste erremedio bat hirian bertan bizi direnentzat erabilgarri, bandera bat jarri izara!

Hori bai, sasoian sasoikoa, kalitatearen seinale. Eta egunotan estelada! Goxo-goxo egingo duzu lo, sano, biok, zuk eta loak… eta fresko altxatuko!

Amesgaiztoak egunez dira eta!