Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
Surfa

Brasildik Fijira CT itzulia abian da:Wilkinson eta Wright nagusi

John John Florence eta Tyler Wright izan ziren Rio de Janeiroko txapeldunak. Orain Fijin dira WSL zirkuituko lehiakideak eta zirkuitukobosgarren txapelketan rankingeko postuak egonkortu edo alda daitezke. Egun Matt Wilkinson eta Tyler Wright dira rankingeko buruan.

Aste honetan bertan hasiko da Fiji Pro munduko txapelketa. Nesken zein mutilen mundu mailako zirkuitu gorena osatzen duen CT itzuliko bosgarren geldialdia izango da. Maiatzean Rio de Janeiron izan dira munduko lehiakide onenak eta Brasilgo emaitzen ostean gauzak aldatzen hasi dira batzuen zein besteen ranking orokorrean.

Brasilgo txapelketaren ostean aldaketa esanguratsuak eman ziren mutilen rankingean, baina oraindik beste zazpi txapelketa falta dira, beraz, goiz da iragarpenak egiten hasteko. Hala ere haste honetan Fijin hasiko den txapelketa inflexio puntua izan daiteke, zirkuituaren erdigunean kokatzen baita.

Hau da, Fijiko txapelketaren ostean rankingeko postuak egonkortzen hasiko dira eta pixkanaka gero eta nabarmenagoa izango da 2016ko WSL titulu mundiala eskuratzeko aukera gehien eta gutxien duten lehiakideen arteko aldea.

Nesken aurtengo zirkuituan, ostera, ez da aldaketa aipagarririk eman. Urtea hasi zenetik nabarmena da rankingeko lehen postuetan dauden lehiakideen eta gainontzekoen arteko aldea. Izen berberak errepikatzen dira behin eta berriz, gainontzeko guztiak existitu ere egingo ez balira bezala.

Nesken kasuan aurtengo zirkuitua hasieratik oso egonkorra izan bada, mutilen kasuan justu kontrakoa gertatzen ari da: aurtengoan izen berri mordoa ari da ezagutzera ematen eta belaunaldi berriek erreleboa emango duten urtea izan daiteke.

Florence txapeldun

Australiako txapelketen ostean Brasilen iritsi zen eta brasildarrek ranking orokorrean gora egiteko aukera eder bat zelakoan zeuden, baina zentzu horretan sorpresak izan ziren Rio de Janeiron. Izan ere, bertakoak ez, hawaiiarrak nagusitu ziren.

John John Florence gazteak irabazi zuen pasa den maiatzaren 19an Oi Rio Pro 2016 txapelketa. Bi olatu bikain egin zituen eta finalak iraun zuen artean ezin hobeto lehiatu zuen hawaiiarrak. Erraz menderatu zuen Jack Freestone arerioa. Postinho hondartzan izan zen finala. Metro eta erdiko olatuetan ikuskizun ederra eman zuten bi hawaiiarrek finalean, baina ez zen aparteko zirrararik izan, hasieratik baitzegoen argi nork irabaziko zuen.

Bakio edo Zurriola bezalako hondartzetan izaten diren olatuen oso antzekoak izan ziren Brasilen, bi ariketa ozta-ozta egiteko denbora ematen duten olatu azkarrak. Baldintza zailak ziren, baina Florence ezin hobeto moldatu zen. 9,70 eta 9,27 punturekin 18,97 puntu bildu zituen bi olatu onenekin. Freestone ere ongi aritu zen; beste arerio bat izan balu irabazteko aukera asko izango lituzke, izan ere, 7,80 eta 8,33 puntuko bi olatu egitea lortu zuen, baina ez zen nahikoa izan Florence garaitzeko.

John John Florencek brasildarrak eskertu zituen final osteko adierazpenetan: «Gustuko dut Riora itzultzea. Hementxe irabazi nuen nire lehen CT txapelketa. Brasildarrengandik babes handia jaso dut eta babes horregatik ez balitz ez dakit hain ongi ibiliko nintzatekeen».

Brasilgoarekin Florencek CT txapelketa bat irabazten zuen hirugarren aldia zen. Askotan egon da txapelketa bat irabazteko zorian, baina gehienetan bigarren postuan amaitzen du. Hala eta guztiz ere, CT zirkuituko faboritoetako bat da. Izan ere, lehiakide on bat izateko ezinbesteko osagaiak ditu: olatu handietan zein txikietan bikain moldatzen da.

Orain galdera nagusia zera da, urtea amaitu bitartean zer gertatuko ote den. Florencen esanetan, «ez dakit titulu mundiala eskuratuko dudan, baina saiatuko naiz. Txanda bakoitzean zentratuko naiz eta, txandaz txanda, urratsez urrats, tontorrera iristea espero dut. Baina ikusteko dago zer gertatzen den».

Tyler Wright indartsu

Nesken kasuan ere aberri bereko bi kide izan ziren finalean. Tyler Wright eta Sally Fitzgibbons australiarrek final ikusgarria eskaini zuten Rio de Janeiron dagoen Barra da Tijuca hondartzan. Azkenean Tyler Wright nagusitu zen eta ondorioz ranking orokorrean buru jarraitzen du.

Aurtengo itzulia hasi zenetik egin diren lau txapelketatik hiru Tyler Wrightek irabazi ditu, beraz, sasoi betean da australiarra. Brasilen surf arin eta elegantea erakutsi zuen eta une oro behar zituen olatuak hartu eta berauei etekina ateratzeko gai izan zen. Horri esker eskuratu ahal izan zuen txapela.

Wright pozarren agertu zen hedabideen aurrean, baina final gogorra izan zela ere aitortu zuen. Honela mintzatu zen Wright: «Brasilen irabazteak sekulako poza ematen dit. Hainbeste gauza dira hemen kontuan hartu behar direnak... Finala gogorra izan da, inoiz izan dudan finalik gogorrena, baina lortu dut eta oraindik sinetsi ezinda nabil».

Fiji erdigunean

Haste honetan Fijin hasiko den txapelketa zirkuituko erdigunean aurkitzen da, izan ere, guztira hamaika txapelketek osatzen dute CT zirkuitua, beraz, azken txanpan sartu aurretik indarrak hartzeko txapelketa baliagarria da. Gauzak horrela, mutilen kasuan Matt Wilkinson australiarrak jarraitzen du buru CT rankingean eta bere atzetik, bigarren postuan, Italo Ferreira brasildarra dago. Hirugarren eta laugarren postuetan John John Florence eta Sebastian Zietz hawaiiarrak aurkitzen dira.

Nesken kasuan, egun Tyler Wright australiarra da buru Women’s Championship Tour (WCT) rankingean. Courtney Conlogue estatubatuarra bigarren postuan dago eta hurrengo bi postuetan bi hawaiiar aurkitzen dira, Carissa Moore eta Tatiana Weston-Webb.