Eskuz esku hartuta Hendaian, Euskal Eskola Publikoaren alde
«Emazu eskua» 25. edizioaren leloa egia bihurtu zuten, atzo, Euskal Eskola Publikoa sostengatzeko Hendaiako jaira hurbildu ziren milaka lagunek. Ehige-k Ikas-Bi guraso elkartearen lana omendu zuen urteroko topaketa lehen aldiz Lapurdin burutuz.

Ikasturtearen bukaerarekin batera, mende laurdena bada Ehigek, Euskal Herrian euskarazko irakaskuntza publikoa bultzatzen duen gurasoen elkarteak, jaia antolatzen duela, festa giroan aldarrikapen hori sustatzeko.
Atzokoak, ordea, bazuen nobedaderik. Izan ere, hezkuntza publiko frantsesaren baitan irakaskuntza elebiduna bultzatzeko, ospakizuna Lapurdiraino, zehazki Hendaiaraino, eraman zuten lehen aldiz. Keinu indartsua Ipar Euskal Herriko ikastetxe publikoetan eredu elebidunaren aldeko apustua egiten dutenentzat eta, baita ere, azken 30 urteotan kopuru hori emendatze aldera lanean diharduen Ikas-Bi guraso elkartearentzat.
“Emazu eskua” leloa bere eginda, hala antolatu dute biek ala biek eskuz esku hartuta, aurtengo jaia. «Gure hizkuntzaren etorkizunerako eskua ez ezik, euskara emateak duen garrantzia» islatzea zuen xede ekimenak, antolatzaileek adierazi zutenez. Ez hori bakarrik, lelo horrek badu atzean beste edukirik. Hego zein iparreko ikastetxe publikoetako ikasleak harremanetan jartzeko eta elkar ezagutzea sustatzeko egitasmoaren izena ere bada, duela hiru urte abiatu zutena. Egitasmoaren berri izateko parada eman zuten atzokoan ere Bixente Lizarazu kirol zelaiko inguruetan egindako jaialdian.
Txingudiko agertokia
Horrez gain, jakina, Txingudiko badiako paraje paregabea begi aurrean eta eguraldi bikaina lagun, eskaintza askotarikoaz gozatzeko hamaika aukera izan zuten egun osoan zehar Hendaiara inguratutako milaka lagunek.
Txikienek berehala izan zuten horretarako parada, ateak zabaldu bezain laster, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen “Amalur” ikuskizunak Beltzeniako pilotalekua lepo bete baitzuen.
Han-hemenka, ibilbide guztian estrategikoki kokatutako tailerretan eta animazioetan behiak nola jetzi, babarrunak nola aldatu, piraten irlan itsaso urrunetara bidaia antolatzeko janariak nola prestatu, zura nola landu edo fisikako eta kimikako esperimentuak deskubritzeko aukera ezin hobea izan zuten. Gorputza zerbait gehiago astindu nahi zutenak, berriz, zelaian puzgarri erraldoietarako ilara luzeetan beren txanda noiz helduko ezinegonean edota aita-amen laguntzarekin hankapaloetan lehen urratsak egiten ikusten ziren.
Tamaina guztietako hogei bat danbor borobilean jarrita perkusio ikastaroan parte hartu nahi zuen haur multzoari ere ez zitzaion berehalakoan iritsi eguerdiko ordu bata.
Eta erritmoa gorputz barruraino sartu eta oharkabean dantzan jartzen zituzten batukadak, bandak, joaldunak eta trikitixak ez ziren falta izan.
Jolas eta ikuskizunez gain, atzoko egunak izan zuen antolatzaile eta erakundeetako ordezkarien hitzaldietarako tartea ere irekiera ofizialean. Ekitaldira hautetsi, alderdietako, herri mugimenduetako kide eta euskalgintzako pertsona esanguratsuak hurbildu ziren Hendaiara.
Ordezkari andana
Besteren artean, Kotte Ezenarro bertako auzapeza, Mathieu Berger Euskararen Erakunde Publikoko presidentea, Kristina Uriarte Hezkuntza sailburua, Max Brisson Departamenduko kontseilaria, Pierre Barriere Paueko Hezkuntza ikuskaria, Xarles Videgain euskaltzaina, Paul Bilbao Kontseiluko burua, EAJko Jean Telletchea eta Joseba Agirretxea, EH Bilduko Arnaldo Otegi eta Belen Arrondo eta Podemoseko ordezkariak.
Lehen aldiz Nafarroako gobernuak ordezkaria igorri zuen Euskal Eskola Publikoaren festara, Estebe Petrizan Hezkuntzako zuzendari orokorra, hain zuzen. Aldiz, lehenengoz ere PSEko inor ez zen presente izan, Isabel Celaak aldez aurretik adierazi zuenez, ekitaldia «lurraldetik kanpo» ospatzen zelako.
Alta, haren joera politiko berdintsuko Ezenarro alkateak «harro eta gogo onez» egin zien harrera bere herrian.
Hitz zorrotzak
Ehigeko bozeramaile Usoa Urbietak Ikas-Bi iparraldeko federazioak «30 urteotan muga artifizialaren alde honetan egindako lan gogorragatik» goraipatuz hasi zuen hitzaldia, «horri esker, egun 6.000tik gora ikaslek ikasten dutelako sare elebidunean». Aspalditik daramaten elkarlana nabarmendu zuen, «helburu berberak dituen eskola eredu bera dugulako: publikoa, euskalduna, laikoa eta demokratikoa».
Atzokoa 25. edizioa zela-eta, bere kide Carlos Lopezek gogora ekarri zuen hasi zirenean zenbat borrokatu behar zuten «eskola eredu zentralista eta zaharkitu hartatik ezberdintzeko». Gaur egun beren apustuak «alternatibarik ez duen hezkuntza eredu sozialaren» aldekoa izaten segitzen duela berretsita, euskal hezkuntza sistemaren «ardatz nagusi eta lehentasunezkotzat» jo zuen, «inongo beste sistemak ez duelako bermatzen hezkuntza euskalduna eta kalitatezkoa guztientzat».
Ildo horretatik, izenik aipatu ez bazuen ere, hitz zorrotzak izan zituen beste eredu batzuekiko, «bistakoa baita Euskal Eskola Publikoaren mailan jartzen direnek ez dutela islatzen ez gure aniztasuna eta ez baitira engaiatzen gure errealitatearekin edota gure gizarte eta herrietakoekin». Horiek horrela, «kezkagarria» iritzi zion «administrazioak hezkuntza eredu pribatu horiei, trukean inolako erantzukizun sozialik eskatu gabe, gaur egun oraindik itzuli beharrik gabeko diru-laguntzak ematen segitzeari».
Mathieu Berger, EEPko presidenteak, aldiz, euskara aitzinatuko bada, batik bat Ipar Euskal Herrian dagoen egoera larria ikusirik, «denen, sare guztien beharra» dagoela esan zuen, hezkuntza publikoan ere ahaleginak biderkatu behar direla onartuta.
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA
