GARA
BILBO

Bilbo, kale antzerkiaren agertoki ekainaren 27tik aurrera

Ekainaren 27an inauguratuko da Kalealdia Arriaga plazan «Lurrak» euskal zirku garaikideko ikuskizunarekin. Orotara 56 emanaldi jasoko ditu Bilboko jaialdiak; horietatik bederatzi Estatu espainolean lehen aldiz ikusiko dira eta beste bi Euskal Herriko estreinaldiak izango dira. Egitarauaren barruan kaleko antzerkia, musika ibiltaria, zirku garaikidea, clowna, kabareta, dantza eta aireko akrobazia ikuskizunak biltzen dira.

Kaleko Antzerki eta Arteen Jaialdiak, Bilboko Kalealdiak, hamazazpigarren edizioa du aurten, kaleko arte eszenikoen Euskal Herriko eta nazioarteko pano raman lehen mailan dauden zenbait konpainiaren proposamenekin. Ekainaren 27tik uztailaren 2ra 50 ikuskizun baino gehiago izango ditu jaialdiak; horietako asko aurten aire libreko agertoki handi gisa finkatzen den Casilda Iturrizar parkean egingo dira.

Kalealdia ekainaren 27an inauguratuko da gaueko ikuskizun bakarrarekin: Bilboko eta Gasteizko udalek ekoitzi duten euskal zirku garaikideko “Lurrak” ikuskizunaren estreinaldiarekin. Bere dimentsioa eta tipologia eta konplexutasun teknikoa direla eta, Arriaga plazan egingo da, gaueko 22.30etik aurrera.

Guztira 28 konpainiak hartuko dute parte –horietatik zazpi Euskal Herrikoak–, Estatu frantses, Belgika, Suitza eta beste hainbat herrialdetatik eta Estatu espainoleko gainerako lekuetatik etorritakoak. Euren lanak Areatzako, Plaza Barriko eta Arriagako plazako agertokietan aurkeztuko dituzte, baita Casilda Iturrizar parkean ere. Ikuskizun guztiak doakoak izango dira, Casilda Iturrizar parkean jarriko den karpa barruan egingo diren emanaldiak izan ezik. Ikuskizun horiek hiru euroko prezio sinbolikoa izango dute, 330 pertsonako muga duen leku kopuruaren kontrola egin ahal izateko.

Jaialdiaren programazioak Estatuan lehen aldiz ikusiko diren bederatzi ikuskizun eta Euskal Herrian lehen aldiz eskainiko diren beste bi jasoko ditu. Horien artean azpimarratzekoak dira Estatuko estreinaldi izango diren “Le cirque democratique de la Belgique” (Pol & Fredy konpainia), “L´effet escargot” (Kadabresky), “Sodade” (Crique Rouages), “Me va gustando” (Marco Vargas & Chloé Bûlé), “La sieste sifflée” (Le Siffleur), “Con ternura... una historia de flores” (Mystérieuses Coiffures) eta Grimm anaien lau ipuin ezagun eszenaratuko dituen Nicole & Martin konpainiaren proposamena.

Euskal taldeak

Bilboko Kalealdiaren aurtengo edizioan euren azken lanak eskainiko dituzte Kukai Dantza & Tanttaka Teatroa, Malas Compañías, Marie de Jongh, Pez Limbo, Markeliñe, Garazi Pascual eta Ivan Gonzalez euskal konpainiek, dantzatik zirkura, kaleko antzerkira edo clownera doazen proposamenekin. Horri guztiari, zirku garaikideko “Lurrak” ikuskizunaren estreinaldia gehitu behar zaie. Hain zuzen, ikuskizun horretan bost antzezle eta lau musikari izango dira bere dimentsioa eta tipologia direla-eta euskal eszena garaikidean aurrekaririk ez duen ikuskizuna eszenaratuko dutenak. Formatu handiko ekoizpen lana da, muntaketa teknikoagatik eta, batez ere, ikuskizunean parte hartzen duen profesional kopuruagatik.

Interpretazio taldeko artistak Ortzi Akosta, Izaskun Agirresarobe, Gaizka Chamizo eta Marc Muñozek eta Nuria Puigek osatzen duten bikotea dira. Musikariei dagokienez, Mikel Hernandez Urrutia eta Anai Gambra txalapartari nafarrek, Unai Laso Santurtziko trikitilariak eta Roberto Castro, hori ere santurtziarra, eta alboka, gaita bizkaitarra eta galiziarra, zenbait txirula, harmonika, ukelelea, gitarra eta mandolina, panderoa, kanabera eta tarrañuelak jotzen dituenak, osatzen dute taldea.

“Lurrak” ikuskizuna joan den ekainaren 10ean estreinatu zen, hain zuzen, Kaldearte barruan, eta Bilboko Kalealdiaren edizio hau inauguratuko duen ikuskizuna izango da. Horretaz gain, azaroan, Santurtziko Nazioarteko Antzerki Jaialdian aurkeztuko den aretoko bertsioa ere izango du. Aurretik, aurrestreinaldia izango du BADen, Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikide Jaialdian.

Jaialdiak goizeko zenbait ikuskizun programatu ditu aurten ere, Areatzan, uztailaren 1 eta 2rako, eguerdiko 12.00etan, Malas Compañias eta Café de las Artes Teatro taldeekin. Ikuskizun horiek antzerkia, zirkua, clowna eta musika uztartuko dituzte, eta familia osoarentzat daude pentsatuta ikasleek dagoeneko oporretan dauden egunetarako. Horretaz gain, eta edizio honetako berrikuntza gisa, Kantabriako hiriburuarekin dagoen lankidetzarako hitzarmenaren barruan, halaber, asteartetik ostegunera, goizeko 10.30etik aurrera, umeei zuzendutako zirku tailerrak egongo dira Areatzan, 4 eta 12 urte arteko haurrentzat. Tailer horietan gorputzaren inguruko lanarekin lotura duen guztia landuko da: disoziazioa, erritmoa, mugimenduaren hastapena, beti ere ondo pasatzeko eta arte diziplina horretara beste modu batera hurbiltzeko helburuarekin.