Arte eszenikoak zuzenean
Euskal Herria Zuzenean jaialdiak dituen dohainetako bat da ez dela musikara mugatzen, eta eskaintzen dituen jarduera anitzen artean, nola ez, arte eszenikoek ere lekua dute.
Egia da aire zabaleko agertokietan eta jaiaren burrunbaren alboan antzezlan bat baino gehiago gera daitekeela babesgabe, baina aldi berean, egia da baita ere testuinguru berezi horrek oso aukera interesgarriak eskaintzen dituela.
Horren froga eman zuen, esaterako, Bilaka kolektiboak ostiralean, gaueko giroa eta Garroa gazteluaren fondo ederra baliatuta erritual garaikide bat osatzeko. Osagaiak banaka xumeak baziren ere (euskal dantza, rock progresiboa, argi jokoak, su artifizial apalak), ongi uztartu zituzten ikusgarritasun handia lortzeko. Izaki mitikoak irudikatzen zituzten pertsonaiei testosterona gehiegi bazerien ere, emanaldi hunkigarri eta katarsikoa ondu zuen kolektiboak.
Larunbatean, Leire Ucha kemen handiz aritu zen hemen jada komentatu dudan “Zer duzu Amy?” obra txukunarekin.
Ondoren, Mouka Cia-ren txanda heldu zen, haien txotxongilo ikuskizun labur baina biziki interesgarriarekin. Ehundura eta formekin jolastuz, talde honek giza gorputzaren irudikatze gordinak eskaintzen ditu, publikoarengan eragin uherrak sorturik.
Loditasun gune demasekoak dituen buru biko munstroa lehenengoz eta organoz organo erraietaraino biluzten den striper panpoxa, bigarrenez. Moukaren panpinek nazka eta erakarpen morbosoa sortzen dituzte aldi berean, ikusleak begiratua kendu nahi baina ezin dabilela.
Igandean Ama-2 taldeak amatasunaren inguruko beren hirugarren lana eman zuen: “Ama'tur” izenekoa. Haurdunaldia eta umeen zaintza jorratu ondoren, obra honetan umeak nerabe bihurtu dira eta, aktore batek dioen moduan: «Haurrak hazita, arazoak hasi». Tonu gertua, umore xaloa eta esketx arinak ama izateak uzten dituen bizipenak publikoarekin partekatzeko.
Jaialdiaren hondarrean Kukai taldea ere aritu zen baina, tamalez, beranduegi edizio honetan horren berri emateko.

«Sartutako zuhaitzek milaka urte iraun dezakeen basoa sortu dezakete»

Ya les dieron los coches para patrullar, ahora pedirán la tele en color y las rondas

1986: más secretos oficiales tras Zabalza y los GAL

Reconocidos otros siete torturados por la Policía y la Guardia Civil
