Ortzi MURUA
BAIONA
aPERITIFa...

«Harrera ona izaten dugu Baionako publikoaren partetik» BATUC’A MUSES

Batukada erritmoei segika, merkatutik katedralera abiatu eta ikuskizun itzela topatu dute bestazaleek. Han ziren Batuc’A Muses taldeko 21 lagun, mozorroturik eta makillatuta. Perkusioei eragiteaz harago, koreografia oso bat eskaini dute. Txilibitua ahoan aginduak ematen zituen eramaileari erantzunez, indar handia transmititu dute. Beren arteko joko txikiak, publikoarekin bilatzen zuten harremanak eta une oro ahoan zuten irribarreak ikusleak erakarri dituzte. Bukatzerako, ehunka jende bildu da beraien ingurura eta asko musikaren erritmora dantzan hasi dira.

Erakustaldi amaieran, taldeko bi kide han zituzten, segidan ur botilak eskura emateko. Garagardo pitxerra ere ez zen falta. Jende andana hurbildu zaie jakin-minez edo besterik gabe, egiten duten lanagatik eskerrak emateko asmoz. Guk taldeko kide den Estelle-rekin hitz egiteko aukera izan dugu.

Bearnotik

Oloroetik etorri dira Baionara hirugarren urtez. Ostiral arratsaldean jotzen hasi eta goizeko hirurak arte iraun zuten. Larunbatean, gosaldu ondotik abiatu eta arratsaldeko hirurak pasatuta gelditu dira. Taldeko askok, gauean bertan, beste nonbait jo behar zuten, gainera.

Hala ere, txilibituarekin, eramaile lanetan ibili dena kenduta, talde osoa borondatez ari da. Oloruen kokatua den Pleiades konpainiako kideak dira eta bertan bada hamar urte batukada taldea sortu zela.

Ordubete eta erdiko ikuskizuna dutela azaldu digu Estellek. Zazpi kantu dituzte guztira, baina osotasun bat balitz bezala bizitzen da. Honez gain, badute beste emanaldi bat, “Batakouma” izenekoa, suzko animazioak eskaintzen dituena.

Beren mozorroaren inguruan ere galdetu diogu eta steampunk gisa definitu digu. Iraultza industrialaren inguruan sortutako mugimendu literario bati erantzuten dion janzkera da, gaur egunean ere arrakasta duena. Baina ez da erabiltzen duten mozorro bakarra. Ipotxen mozorro batekin tartekatzen dute. Orotara hamabost mozorro ezberdin izan dituzte. Hala, lanak ongi eginik, mozorro zuri-gorria jantzia zuten bestazaleen artetik joango dira. Heldu den urte arte.