24/08/2016

Reportage
 
KINTOTIK ABIATUTA, EUSKAL TXERRIAK BERE SOR-MARKA LORTU DU

Duela hamabost urte ekin zioten Aldudeko hazle batzuek euskal txerria arrazarekin egindako xingar eta haragiari AOC labela aitortzeko lanari. Abuztuaren 17an lortu berri dute. Kintoa izenarekin, tradizioan oinarritu kalitate handiko produktua saltzen dute.

Idoia ERASO
0824_eko_kintoa

Kintoko urdaiazpikoak jatorri deituraren pareko labela lortu du Estatu frantsesean, eta Europakoa lortzeko bidean da. Nafarroa Garaiaren eta Beherearen arteko Kintoa eskualdearen izena hartu du AOC horrek (Appellation d’Origine Contrôlée), bertan kokatzen den Aldude bailarako hazleek 2001ean abiatutako desmartxaren emaitza baita. Euskal txerria berreskuratzea eta bertako urdaiazpikoa egiteko jakituria tradizionala oinarri hartuta produktuaren erakargarritasuna handitzea da helburua.

Xingarra definitzen hasita, Mixel Ozafrain txerri hazleak eta Bankako auzapezak bere berezitasuna, kalitatea eta gustua parte handi batean koipeak ekartzen duela azaldu du: «Gizen hori anitz sartzen da haragian, eta gaitzeko gustua ematen du. Kolorean ere badu berezitasuna, haragia gorri bizia da, zuriarekin nahasia dena. Intxaur edo hurraren gustua badu pixka bat, nahasia dena oihan azpiarenarekin. Izigarriko gustu luzea uzten du». Urdaiazpikoa produktu izarra bada ere, transformatu gabeko txerriaren haragiarentzat ere baliagarria da sor-marka.

Kintoko Sarea elkarteko kideek 2001. urtean erabaki zuten AOC labela lortzeko txostena aurkeztea. Lanbide ezberdinetako lagunak bildu ziren bertan: transformatzaileak, gizentzaileak, sortzaileak eta etxeko ekoizleak. «Orduan erabaki genuen kalitate ezagupen bat izateko sor-marka lortu behar zela, lurraldearekin lotura behar baita frogatu. Gure kasuan gizentzea kanpoan egina da gehiena, eta biziki interesantea da horri buruz lotzea», azaldu zuen Ozafrainek.

1990eko hamarkadan 8-10 bat hazle ari ziren Alduden Pierre Oteizaren inguruan, 2000. urtean 30 bat ziren, eta orain 80 bat kide dira. Sareko gehienak, 58, hazleak dira, 17k prozesu guztia egiten dute, hiru artisau erako transformatzaileak dira, eta Donibane Garaziko hiltegia eta Aldudeko lehortegi kolektiboak ere barnean daude. Labela lortu eta gero kideen kopuruak gora egiten segituko duela aurreikus daiteke.

Ibilbidearen zati luzeena eta zailena egina bada ere, oraindik ez da bukatu. Orain Europako izendapena lortu behar dute, izan ere, AOC delakoa bere horretan ez da aski, behin-behineko ezagupena da. «Europako sor-marka ez baldin bada lortzen, Frantziakoa galtzen da», azaldu du Bankako auzapezak.

Estatu frantsesean Jatorri eta Kalitatearen Institutu Nazionalak aztertzen ditu eskaerak, baita Europara eramateko ere: «Normalean AOCa lortzeko AOP (Europakoa) erdiesteko irizpideak ikusiak dira, momentu berean. Beraz, normalki ez da sorpresarik izanen». Bigarren label hori lortuko duten jakiteko data zehatzik ez da, urte bat edo bi izan daitezke. Zain egon gabe, lehen lorpen hau ospatzeko Kintoko xingarraren festa egiteko proiektua dago, 2017ko urrian.

Baldintzak

Labela lortzeko baldintzak oso zorrotzak dira, kalitate handiko produktua lortu ahal izateko: «Nola haziak diren abereak eta horrek eragina duela gustuan argia da, dudarik gabe». Arau nagusiak hauexek dira: euskal txerria arrazakoa izan behar da, besteekin gurutzatu gabea; txerriak kanpoan gizendu behar dira; hektarea bakoitzeko ezin dira 25 edo 30 buru baino gehiago egon; janariaren gehiengoa eskualdean sortutakoa izan behar da, eta abereak urte bat bederen izan behar du hil baino lehen... Urdaiazpikoa bera egiteko ere tradizioan oinarritutako baldintzak daude, lehortzeko denborari dagokionez esaterako. «Hemengo egiteko manera ere sartua da sor-markaren baldintzetan», nabarmendu du hazleak.

Izendapenaren eremua Ipar Euskal Herri osoa eta Bearno eta Landetako herri gutxi batzuk dira «historikoki han ere hazleak bazirelako», azaldu du Ozafrainek. Orotara 231 udalerri dira. «Bearno izatea inportantea zen, mozkina izateko, eta Amikuze aldea ere bai, bihiak han landatzen baitira. Gure sor-markan %70 baino gehiago lekuko janaria izan behar da, eta gure mendi eskualdean ez da hainbeste bihi egiten ahal», argitu du.

Euskal txerria arraza Estatu frantsesean 1920ko hamarkadan errekonozitu zuten, «baina badakigu gure eskualdean milaka zirela lehenagotik ere. Gero gerra ondoan kasik desagertu ziren, beste arrazek errendimendu gehiago egiten baitzuten». 1980. urtearen inguruan kontaketa egin zuten, eta 30 zerrama besterik ez zirela ikusita, hazle andana batek lanari ekin zion: «Alimaleko lana bazen berriz arraza eta teknikak eskuratzen. Gainera, hain txerri familia gutxi izanik, odolean nahastea egin behar zen».

Euskal txerriak ez ditu mugak ezagutzen, eta Hego Euskal Herriko hazleen eskutik heldutako arrazako animaliak eramaten dituzte Pirinioen iparraldera, bertan Kintoa sor-markaren gerizpean gizenduak, landuak eta salduak izateko.