Jon LEUNDA
TRONTZA

Barberena anaiek txapelekin jarraitzen dute

Bigarren sailkatutako Eugiri eta Kañamares III.ari minutu bateko aldea kendu zieten atzoko finalean.

Ez zen ezusterik izan, eta Barberena anaiek irabazi zuten atzo Gorritin jokatu zen Euskal Herriko Txapelketa. Hiru bikote besterik ez ziren lehiatu, azkeneko urteotan izan den kopururik txikiena, eta lehiaketa doi-doi jokatu ahal izan da, izan ere, gutxienez hiru partaide izan behar dira, eta horixe bete zen.

Jende asko batu zen finala ikusteko eta bikote bakoitzak bere jarraitzaileak ekarri zituen, eta oso giro polita izan zen Gorritin. Bikote bakoitzak, hasteko, bost epai eman behar izan zizkion etzanda jarritako 60 ontzako enbor bati. Jarraian, zutik jarritako kana-erdiko bati sei epai eman behar izan zizkion, eta, ondoren, etzanda jarritako tamaina bereko enborrari beste sei. Azkenik, etzanda jarritako 60 ontzakoari bost epai.

Barberena anaiak ziren irabazteko faboritoak, eta, espero zen bezalaxe, zutikako enborrean egin zuten zuloa. Lehen bost epaietan berdintasun handia izan zen, izan ere, txapela lortu zuen bikotea eta Eugi eta Kañamares III.a batera sartu ziren zutikako lanean, eta, Ispizua eta Zubizarreta, bi segundo eskasera. Baina hor hasi zen finala erabakitzen.

Zutik jarritako enborrean, ordea, aldeak egin ziren. Barberena anaiek epai bateko aldea kendu zieten Eugiri eta Kañamares III.ari, eta finala bideratuta utzi zuten. Behin hori amaituta, kana-erdikoan eta 60 ontzakoan jardun behar zuten, eta hor lehendik zuten aldea handitu egin zuten, eta  minutu bat pasako tartea kendu zieten Eugiri eta Kañamaresi. Finala bera ez zen txarra izan, lanean aritu ziren hiru bikoteen lana ona izan baitzen.

Eugik eta Kañamaresek lehen postua eskuratzeko aukerak zutik jarritako enborrean galdu zituzten, baina lanean jarraitu zuten, nahiz eta bigarren postua ere lan berdinean eskuratu zuten. Amaieran oso denbora ona egin zuten, bigarren postu on bat eskuratuz.

Barberena anaiek 12 minutu eta 21 segundo behar izan zituzten lan guztiak amaitzeko. Eugik eta Kañamares III.ak euren lanak 13 minutu eta 28 segundoan bukatu zituzten, eta sailkapena Zubizarretak eta Ispizuak itxi zuten, 14 minutu eta 31 segundoan lanak amaituz.