GARA
DONOSTIA

Janariaren jatorria, tradizioa eta etorkizuna Culinary Zinema sailean

Culinary Zinemak, zinema eta gastronomia uztartzen dituen sailak, seigarren urtea beteko du aurten. Berlineko zinema-jaialdiarekin lankidetzan sortua eta Basque Culinary Centerrekin batera antolatua, sailak zazpi film proposatzen ditu aurtengo lehiaketarako. Guztiak dira dokumentalak, bat izan ezik eta honako gaiak azalduko dira: Turkiako, Argentinako eta Kalifornia Behereko sukaldaritza; Japoniako merkatuak, Taiwango errezeta-liburu familiarra, eta intsektuak eta janari-soberakinak sukaldaritzaren oinarri gisa.

Saila “Theater of Life” filmak inauguratuko du, Refettorio Ambrosiano jantoki sozialaren esperientziaren berri ematen duen lanak. Mariano Cohn eta Gaston Duprat zuzendari parearen azken lana, “El ciudadano ilustre”, Urrezko Lehoia lortzeko lehiatuko da Venezian. “Todo sobre el asado” filmean, hain zuzen ere, izenburuan hitzemandakoa aztertuko dute: argentinar identitatearen funtsezko alderdi bat irudikatzen duen jaki eta erritual batera eramango dituzte ikusleak lan horrekin.

“Bugs” filmean elikaduraren etorkizuna ageri da, gutxienez Rene Redzepiren Nordic Food Lab-en ikusmoldean. Danimarkako ekoizpen hori Tribeca eta Edinburgoko zinema-jaialdietarako hautatu dute. “Baja Taste” lana ere geroarekin lotuko da, etorkizun hurbilagoarekin, ordea. Roberto Najera mexikar zuzendariak zuzendu du dokumentala. Kalifornia Beherean garatzen ari den mexikar sukaldaritza berria dago filmaren ardatz-gunean.

Mitsuhito Shiradaren hirugarren filmak, “What’s for Dinner, Mom?”, Tae Hitoto idazle eta aktorearen nobelan du oinarria eta Luis Gonzalezek Roca anaiek turkiar gastronomian zehar egindako ikasketa-prozesuari jarraituko dio “The Turkish Way” filmean. Klausura filmak munduko arrain eta itsaski merkatu handienera eramango ditu ikusleak, Tokiora hain zuzen, “Guzen no tsutsuki” lanarekin.

Horrez gain, emanaldien esperientzia filmaren edukiari lotutako afari batekin osatuko da. Emanaldi eta afarietarako baterako sarrera-txartelak irailaren 5ean jarriko dituzte salgai, 70 euroko prezioan eta filmak 7,20 euroan.