Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Goienetxearen «Karramarroa trostan»-ek jaso du Igartza saria

Ekaitz Goienetxeak irabazi du XIX. Igartza Saria eta, hari esker, «Karramarroa trostan» eleberria argitaratuko du 2018. urte hasieran. Irakurlea 80ko hamarkadara begira jartzea du helburu.

Gaur egungo optikatik irakurlea 80ko hamarkadan Euskal Herrian bizi zen egoera sozialari begira jartzea da Ekaitz Goienetxearen (Biarritz, 1982) helburua. Eta, hain zuzen, horretarako baliatuko du atzo jaso zuen Igartza saria: ondo bidean, 2018. urte hasieran argitaratuko du “Karramarroa trostan”. Saria jaso aurretik egileak azaldu zuenez, Bizkaiko kostaldean heroinak izan zuen eraginaren gaineko eleberri korala izango da “Karramarroa trostan”, eta protagonista nagusia gaur egunean bizi den eta haurdun geratu den 23 urteko neska gaztea izango da. Gizarte Hezkuntza ikasketak egiten ari den bitartean taberna batean egiten du lan neskak, eta abortatzea erabakitzen duenean alboan izango ditu gurasoak. Azken hauek era irekian kontatuko dute 80ko hamarkadan jasan zuten droga mendekotasuna. «Baina pertsonaia gehiago ere egongo dira, helburua ez baita garaiari buruzko tesi bat egitea, baizik eta gertaera eta istorio pertsonal ezberdinak ezagutzea; kapitulu bakoitzeko ahots bat egotea da asmoa, pertsona bakoitzak dituelako bere bizipenak», azaldu zuen Goienetxeak. Eleberria hornitzeko, bizileku duen Bermeoko eta inguruetako jendearen testigantzak bilduko dituela zehaztu zuen.