J.L.
Harri-zulatzea

Ereño faborito nagusi dela jokatuko da Gernikan Euskal Herriko finala

Euskal Herriko taldekako harri-zulatzaileen finala jokatuko da bihar, Gernikan, 13.00etan. Final hau berez abuztuaren 15ean jokatu behar zen, eta jokatzen hasi ere egin ziren, baina ekaitza sartu zen eta bertan behera utzi behar izan zuten. Saioa hasi berria zela kontuan hartuta, arautegiaren arabera berriro ere hasieratik errepikatu behar zen, eta bihar jokatuko da.

Bertan, Burdin Gazteak, Errekatxo, Gallarta, Kabiezes, Aldai Alde, Piratak, Ereño eta KZ Kolpeka neurtuko dira. Une honetan dauden talde guztiak izango dira. Horietako batzuek ez dute Ligan parte hartu, taldeak osatzeko arazoak zituztelako.

Ereño izan da Ligan jaun eta jabe, eta ikusi beharko da orain hori mantentzeko gai den edo ez. Liga amaitu zela badira hilabete baino gehiago, eta talde guztiak ere agian punturen bat galdua izango dute, zaila izango baita urte osoan zehar mailari eustea. Ligan ia dena irabazi zuen Ereñoko taldeak.

Beraiek dira faborito, baina Burdin Gazteak ere kontuan hartu beharko da. Ortuellakoek ere denboraldi ona egin dute, eta orain saiatuko dira postu on bat lortzen, eta ahal bada txapela. Finala erakargarria da, eta denboraldiko azkeneko saioa izango denez, denak daude gogoz. Sari potoloa da Euskal Herriko txapelduna izatea, eta horretan saiatuko dira denak ere.

Lekua ere aproposa da, asteburu honetan jai handiak izango baitira Gernikan. Badakite ikusle asko izango direla bertan, eta kirol honi ere bultzada emateko balio dezake. Bizkaitik kanpo ez dago talderik, eta hori falta da. Gernikako finala herri kirol hau ezagutzera emateko oso leku ona izan daiteke.