Jon GARMENDIA
XILABA

COLINAK ERAKUSTALDIA EMANDA BIGARREN TXAPELA JANTZI DU

AMETS ARZALLUSEKIN JOKATU ZUEN BURUZ BURUKOA ETA HENDAIARRA IZAN ZEN BIGARREN. MADDALEN ARZALLUS HIRUGARREN IZAN ZEN ETA TXATO SARIA ERAMAN ZUEN ODEI BARROSO LAUGARREN. LAUREK ETA MIREN ARTETXEK LORTU DUTE EUSKAL HERRIKO TXAPELKETAN KANTATZEKO TXARTELA. SEIGARREN IZAN ZEN XUMAI MURUA.

«Neure buruaz beste egitera ta gure buruaz besta» aipatu zuen Sustrai Colinak hasierako agurrean, eta argi utzi zuen ideia bitxiak sortzeko egunarekin zetorrela, gainera, bere buruaz beste egin ez baina beste txapel bat jantzi zuen buruan, justuki kartzelako azken ariketa neurtuak amildegi aitzinean jarri zuelarik gainera. Txapel honek, Colinaren neurri handiak, erraldoiak direla garbi uzten du, azken urte luzeetan Amets Arzallus lagunaren itzalpean egon baita, edo Euskal Herriko txapeldunari gaina ezin harturik behintzat, baina atzokoan hasi eta buka gainetik ibili zen urruñarra, bertso bakoitzari soineko eder bat paratuta, haiek biluztu eta zein polit josi dituen oroitzeko moduan. Sustrai eta Amets elkarrekin egokitu ziren zortziko handiko ofizioan. Heien herrian Lehen Mundu Gerrako monumentuari beha zeuden. Sustrai hasi zen kantuan: «Harrian lehen izenak dio monsieur Añozbehere Gillen/ bigarrena da Irastorza bat etzena etxera jinen/ hauek ikusiz jakin burua zertan pentsatzen ari den/ Frantziarentzat hil ziren baina euskaldun petoak ziren». Ametsek: «Ni ere zure gisa berean abizenen erakusten/ bi Etxegarai bi Etxeberri hizkiak elgar igurzten/ lau Etxamendi ta beste hainbat tokirik ez dute uzten/ frantses armada omentzen baina frantsesik ez dut ikusten»; «Gure ahaideek gure arbasoek egin zutelako gerla/ hartu fusilak joan frontera lana balitza bezela/ nahizta gaur egun ospatu ohi den garai handia itzela/ okerrena da gerla harekin konkistatu gintuztela»; «Arrazoin duzu plaka hortatik begira aintzin gibela/ mort pour la patrie ere jartzen du pentsa zazu ze krudela/ engainatuta eraman eta nahiz ta irabazi gerla/ okerrena da ondorengoak frantsesten hasi zirela»; «Lubakietan zernahi bihurtzen denez otsoaren aho/ batzuk ezindu itzuli ziren besteak berriz zerraldo/ azaroaren 11 batez frantsestu ginen zeharo/ ta euskalduntzeko beharko ditugu beste hamaika azaro»; «Pentsatu zenbat urte joan diren memori okerrarekin/ gu plaka hortan bertsu idazten hasi gintezke gaur berdin/ Armistizio eguna nahiz den azaroa ta San Martin/ udazken hauek joan eta gero baietz udaberri bat jin».

Sustrai eta Miren

Zortziko ttipian Sustrai eta Mirenen saioa hautatu dugu, mugikorrarekin arazoak dituela eta telefono hornitzailearengana joan da Miren. 40 minutu zain egon ondoan jaso du Sustraik. Miren hasi zen: «Berrogei minuta nik ditut itxaronak/ aski luze iraun du SFRen bromak/ fiteago laniten du bai nere amonak/ komunikazioan etzizte hain onak», eta Sustraik erantzun: «Eman baino lehenago zuri azalpenik/ ez duzunez ez gogo ez itxaropenik/ nik ez nuke esango hain txarrak garenik/ baina presik ez dut ta egunon lehenik»; «Politeziaz aparte serios jarri gaiten/ eguna ona ez bada nik ez dut erraten/ hona kexa jartzera jina nintzen baten/ e-mail bat igortzeko erran zenidaten»; «Dendaraino luzatu duzunez pausoa/ ta erran sarerik gabe dagola auzoa/ e-mail batez konpondu baleike kasoa/ ez dut ulertzen zein den zure arazoa»; «Nahiz mila aldiz etorri honaino galdezka/ honek erantzuten dit berriro barrezka/ nahiz nik etxean izan arazo ta kezka/ bankutik kobratzeko arazorik ezta»; «Mingaina pozoin duzu ta begiak tiro/ jada eguerdi da ta hemen ez da giro/ bazkaltzera etxera behar baitut igo/ atsaldean etorri zaitezke berriro». Punttuka Sutrairen lana aipagai: «Sortu ditu milaka iritzi», «ta oraindik ez dela gugana iritsi/ aldeko zein kontrako ai zenbat irrintzi/ ezin ote gara ba gure gisa bizi?». Bigarren punttua: «Lehen hamar elkargo gaur egun bakarra». «Ta neretzako ez da hasiera txarra/ bazegolako hoiek elkartu beharra/ noizbait bategiteko hego ta iparra». Hirugarrena: «Ba ote da dirurik euskararendako/ galdera hori dugu gure kalterako/ beraz gure sosare guk eman beharko/ bertsoendako eta Seaskarendako». Kartzelan Odei Barrosoren lana nabarmendu nahi genuke, emozioz josia. Lehen aldikotz bakarrik joana zen bakantzetara, eta lehen eguna bukatzen ari zen: «Lehen helmuga gisa hautatu nuen Berlin/ lehenik museora bisita bati ekin/ gero karrikan ibiltzen hartua dut atsegin/ urtero egin beharko nuke hau berdin berdin/ orain ostatuan naiz garagarno batekin/ eguna sekulan etzait horren laburra egin». Bigarrena: «Berehala egin dut nerekiko pundua/ egun huntan orenak dirudi segundua/ lehen zeinen haserre geunden Odei eta mundua/ hemen dena da ederra ederra ingurua/ ta huntaz ohartzea nuen nik helburua/ zeinen lagun onak giren ni ta neure burua»; «Orain ohera noa burukoa izara/ erabaki hartzeko haseran ze ikara/ baina nola lasaitu den ene bihotz taupada/ desioek hartu dute halako abiada/ erabakirik onena hau nuen beharbada/ bakardadea ona da aukeratua bada». Buruz burukora Amets eta Sustrai pasatu ziren eta seiko motzean egin zuten lana memoriaren txoko maitekorrean gordetzeko saio horietako bat da, adineko pertsonak ziren, igerilekuan heien tatuajeei begira. Amets hasi zen kantuan: «Gaztaro urrun horretan/ hiru-lau orratz kolpetan/ ezpata egin nuen besoan arrain bat kopetan/ aizkora bat arboletan/ sugetxo bat odoletan/ ez dakizu ze problema eman didan kontroletan»; «Zure ezpata ta katez/ kontroletan dena kaltez/ nik bihotz bat ta Maddi jarria gau mozkorti batez/ Maddi joan zitzaidan tanpez/ nik maite nuen berak ez/ ta neri pila jarri didate bihotzaren partez»; «Ai bihotzean ze kalte/ maitasun zahar baten kate/ Maddi idatzi zinuen beraz joan zitzaizun arte/ orain tristurak atake/ etzaite kezkatu bate/ izen bereko neskalagun bat aurki zenezake»; «Amodioa maitemin/ larrosa eta krabelin/ gelditu nintzen ez Maddi ez lore eta ez erregin/ lagun behar duzu jakin/ beti ez dela San Valentin/ ta aukera gutxi izaten dela laurogei urtekin»; «Zato ene begitara/ kopetan arrain bat bada/ belaun parean dordokatxo bat eta zenbat traba/ izurdeak ere hara/ egin ta ezin ezaba/ horiei plazer egitearren nator pistinara»; «Ari zara espantuka/ denborari mehatxuka/ zoologikoa tatuatzea nahiz ez den arrunta/ azala tatuatuta/ nahiz ta busti behatz punta/ kontuz ibili igeri egiten zuk ez dakizu ta!».

Horra txapeldunaren agurra: «Hain justu Trumpek jo duenean mailuarekin iltzea/ Marine Le Penek amestu ote du Frantzia zuritzea?/ hiztegitatik kendu ote du Rajoyk erabakitzea?/ normala ote da poliziak senegaldar bat hiltzea?/ neri tokatu zait muga ertzean sortu eta handitzea/ ta ikasi dut igurtzi ezkero deusezten dela klitxea/ gure herri honek badaki zer den mututuei aditzea/ ta harresiak atzeman arren zubigintzan aritzea».