Andoni ARABAOLAZA
HIMALAIA

Chukima Sanoren iparrak proposamen berria jaso du

Pasa den urrian, Miguel Anta, Lluis Vernich eta Javier Palomares valentziarrek eta Alberto Urtasun nafarrak Nepalgo bostmilakoan «Vagabundo del Dalbhat» bidea (M4+, 90º) zabaldu zuten. Gainera, Palomares eta Urtasun Chekigon marra sortzen saiatu ziren.

Pasa den urrian, Alberto Urtasun berriro ere Nepalgo mendiak bisitatzen izan da. Nafarrak azaldu digunez, Khumbutik mendebaldera dagoen Rolwaling ibarrean dauden mendiak esploratzen izan da. Hain zuzen ere, Valentziako hiru lagunekin: Miguel Anta, Lluis Vernich eta Javier Palomares.

Khumbuko harana ez bezala, Rolwalingekoa askoz ere lasaiagoa da, eta lerrootako protagonistek pare bat jarduera egiteko aukera izan dute. Lehena, Chukima Sano mendiaren (5.970 m) ipar aurpegian “Vagabundo del Dalbhat” bidea sortzeko aukera izan dute. Ondoren, Palomares eta Urtasun Chekigoren hego-ekialdeko aurpegian marra bat zabaltzen saiatu ziren.

Horiek dira Urtasun eta enparauek eginiko jardueren lerroburuak. Esan dugun bezala, nafarra eta bere taldekideak haran horretan esploratzen izan ziren: «Montzoi oso sendo batek ipar pareta guztiak elur askorekin utzi zituen; gainera, 5.500 metrotik gora elur hori eraldatu gabe zegoen. Eta hegoaldeko hormetan luizi asko zeuden. Alabaina, zer edo zer berria egiteko aukera izan genuen».

Lehenik eta behin Chukimaren ipar aurpegian jardun zuten: «Oinarrizko kanpalekua leku eder batean (4.200 m) altxatu genuen. Horma horretan marra zuzen bat sortzeko gai izan ginen: ‘Vagabundo del Dalbhat’ (90°, M4+). Kalitate handiko eskalada izan da. Ederra eta teknikoa ere bai; elur, izotz eta mistoko luze interesgarriekin».

Urtasun eta enparauek, beraz, ia seimilako horretan kutsu alpinoko bide berria zabaldu dute. Protagonistak aipatu digunez, “Vagabundo del Dalbhat” bidea, berez, hiru zatitan bana daiteke: «Lehen luzeak mistokoak dira. Oso onak dira, baina, era berean, esan behar dut ez direla zailak. Ondoren, tarte errazago batean murgildu ginen. Eta bidearen bigarren zatiak izotzean bizpahiru luze eder ditu, eta mistoko beste bat baina arriskutsua. Hainbat tarte ensamblean igotzeaz gain, hamabi luze eskalatu genituen».

Urtasunek azpimarratu nahi izan du azken metroetan ere oso adi jardun behar izan zutela: «Irteeratik 150 metrora luze arriskutsu bati egin behar izan genion aurre. Aldats oso tentea zen (90°), eta, gainera, elurra ez zegoen batere sendo. Luze hori garbitzea eta borobiltzea asko kosta zitzaigun».

Lurrikararen ondorioak

Laukoteak, behin gailurra zapalduta, jaitsierako bidea hartu zuen: «Ipar ertzetik abiatu ginen; hots, hortik egindako lehen jaitsiera izan da. Hamabi rappel, eta hainbat tarte eskalatzen jaitsi behar izan genituen. Bai, zalantzarik gabe, jaitsiera horrek ‘saltsa’ handia izan zuen, oso nahasia eta arriskutsua izan zelako. Aipatu behar dut ere, 5.600 metrora hiru orduko bibaka egin genuela».

Jarduera hau (igoera eta jaitsiera) estilo arinean eta ia non-stopean egin zuten; azken hori diogu hiru orduko bibaka egin zutelako.

Horrez gain, Urtasunek gogora ekarri nahi du aurten mendiak oso aldatuta ikusi dituztela: «Jasan zuten lurrikararen ondorioz, serac asko erori egin dira, eta beste serac eta erlaitz batzuek baldintza oso arriskutsuak zituzten».

Chukimako jarduera egin eta gero, Palomaresek eta Urtasunek oraindik denbora hartu zuten Chekigo mendian (6.257 m) saio bat egiteko: «Hego-ekialdeko aurpegiaren eskuinaldean bide bat zabaltzen saiatu ginen. Horma horretan zeuden seracek arrisku handia zuten. 700 metro berri sortu genituen, eta zailtasun tekniko handienak 100 metroko sekzio batean (V+) aurkitu genituen; granitoaren kalitatea bikaina zen oso. Izotzean luzeren bat edo beste egin eta gero, elurrean 50-60 graduko aldatsak igo eta gailurreriaren (5.800 m) azpian geratu ginen. Elurra oso bigun zegoenez eta leher eginda geundenez, jaitsi egin ginen».