Andoni ARABAOLAZA
EKIMENA

Eskolarteko Eskalada Topaketak erabateko arrakasta izan du

Lehen aldia zuen Gipuzkoako Mendizale Federazioak bultzatutako ekimenak. Fortuna taldeak antolatutako topaketan 20 ikastetxetatiketa 5 eskalada taldetatik hurbildutako 162 neska-mutilek hartu zuten parte. Donostiako Pio Baroja rokodromoan giro ederra egon zen.

Antolatzaileak ere harrituta zeuden, eta ez da gutxiagorako: Gipuzkoako Eskolarteko 1. Eskalada Topaketak erabateko arrakasta izan du. Gipuzkoako Mendizale Federazioaren ekimen honen antolatzaileak Donostiako Fortuna taldekoak izan dira. Eta hain zuzen ere, haiek kudeatzen duten Pio Barojako rokodromoan 162 haur bildu ziren. Bai, 162!

Parte-hartze bikain horrekin antolatzaileak «gainezka» ibili zirela aitortu dute. Kontuan hartu behar da izen-ematea topaketaren aurretik egin behar zela; hain zuzen, antolaketa lanak era egokian egin ahal izateko. Bada, kirol ekitaldi hori egin baino hiru egun lehenago izena emateko muga gaindituta zegoen. Beraz, topaketa egunean ere ezin izan zen izena eman.

Onartu behar da Gipuzkoako federazioak «usaimen» ona izan duela eskolarteko lehen topaketa hau antolatzerakoan; izan ere, lurralde horretako rokodromoetan antolatzen dituen eskalada saioetan parte hartzen duten eskola umeen kopurua handia izaten da. Topaketen helburua oso argia zen: «Ikastetxe ezberdinetako eskola umeak elkar ezagutu, eskalada praktikatu eta nork bere trebeziak besteekin partekatu».

Giro bikaina

Aurreratu dugun bezala, lehen eskalada topaketa hau Donostiako Pio Barojako rokodromoan egin zen; hain zuzen ere, azaroaren 27an. Adina, jakina, mugatu egin zuten: kadete mailaraino (16 urte). Aipatu dugu ere Fortunako antolatzaileek ezusteko handia hartu zutela bertaratutako umeen kopuruarekin: 162 guztira. Eta horiek guztiak 20 ikastetxetatik eta 5 eskalada taldetatik "bidalitakoak" ziren. Uste dugu azpimarratzeko modukoa dela Mendaro Ikastolakoen agerraldi sutsua; izan ere, ikastetxe horretako 46 neska-mutil eskalada topaketa horretan izan ziren. Zarauzko Orokieta Herri Eskolak ere kopuru polita izan zuen: 27 haur. Eta eskalada taldeei dagokienez, honakook hartu zuten parte: Aretxabaletak, Donostiako Fortunak, Mutrikuko Sorgin Errekak, Azpeitiko Sokaitzek eta Arrasateko Debagoienak.

Bada, haur hauek guztiek zein haiekin hurbildu ziren gurasoek oso goiz ederra pasatu zuten Pio Barojako rokodromoan. Giroa, bederen, ederra izan zen. Hitz batean esanda, Gipuzkoako eskolarteko eskalada festa izan zen.

Goizeko 09.30erako Fortunako antolatzaileek dena pronto zuten. Aurretik, 162 neska-mutil horiek lau ordu zituzten atondutako eskalada zirkuituaz gozatzeko. Zirkuitu horretan eskaladaren hiru modalitate probatzeko aukera izan zuten. Horretarako, Fortunakoek abiadura eskaladan jarduteko bi bide ekipatu zituzten eta beste bi zailtasun eskaladarako. Horretaz gain, sokarik gabe eskalatzeko 15 bloke prestatu zituzten.

Aitortu behar da erabaki hori, soka eta blokea uztartzearena, erabaki egokia izan zela, topaketari dinamismoa eman ziolako. Honekin esan nahi dugu, haur batzuk sokarekin eskalatzen ari ziren bitartean, besteak blokeekin buru-belarri ari zirela. Eskalatzeaz gain, neska-mutil bakoitza fitxa batekin ikusi genuen. Orri horretan apuntatzen zituzten lortutako lorpenak. Lorpenak azpimarratu bai, baina argi esan zitzaien lehiarik ez zela egongo eta, beraz, sailkapen orokorrik ez zutela egingo. Arestian aipatu dugun bezala, helburua eskalada ezagutzea, haurren arteko hartu-emanak sustatzea eta eskaladarekin ondo pasatzea zelako.

Eskalada jarduna amaitu bezain pronto, parte-hartzaileek opariak jaso zituzten, besteak beste, Izadi Kirolak-en kamiseta bana. Festa borobila, beraz, Gipuzkoako Eskolarteko 1. Eskalada Topaketan bizi izan zutena. Eta, gainera, erabateko arrakastarekin. Hori guztia ikusita, Gipuzkoako Mendizale Federazioak nolabaiteko "presioa" izango du eskalada topaketa horri jarraipena emateko. Bederen, pozarren daude lortutako emaitzarekin: «Den-dena primeran atera zen, eta, beraz, balorazio oso positiboa egiten dugu. Horrekin guztiarekin batera eskertu nahi dugu antolatzaile lanetan jardun duen Fortuna taldea; egundoko lan egin zuen. Horrekin batera ere, ekitaldia babestu zuen Izadi Kirolak denda eta, jakina, goiz berezi horretan benetako protagonistak izan zirenak. Hots, haurrak. Eskaladarekin gozatzen jarrai dezaten animatzen ditugu».