Joxemari CARRERE
Ipuin kontalaria

Kupoa

Aspaldiko kontua da euskarazko sorkuntza lanekiko mesfidantza. Jende asko eta askoren ustea da, erdaldun zein euskaldun izan, euskaraz programatzen diren ikuskariak, antzerkia edo kontalaritza, adibidez, euren balio artistikoengatik baino hizkuntzarengatik programatzen direla, gaztelaniaz egingo balira ez bailirateke hain erraz eskainiko. Aspaldiko kontua da honen gaineko eztabaida. Kontaketa saio bat programatzeko arrazoia izan behar du euskaraz eskainia izateak, bere kalitateari behar baino kasu gutxiago eginez? Batzuek esango dute horrek euskarari ez diola onurarik ekarriko, edozer onartzen delako hizkuntzaren izenean, eta irudi txarra ematen diola euskal sorkuntzari. Beste batzuen iritziz, hori diskriminatzailea da gaztelaniaz lan egiten dutenekiko, euren lanak hobeak izan arren kanpoan gelditzen direlako.

Arrazoiak arrazoi, honek ez digu ezkutatu behar euskarazko sorkuntza lanekin, kontaketa saioekin esaterako, gertatzen den perbertsioa. Sentsazioa dut askotan helduentzako kontaketa saio bat programatzen dela nolabaiteko kupoa betetzeko euskararekin. Garrantzitsuena badirudi ez dela honako edo halako ikuskaria programatzea bere proposamen artistikoaren arabera, baizik euskararen presentzia bermatzeko, besterik gabe. Honek gogoeta piztu beharko luke kultur programazioetan aritzen direnak instituzionalak izan edo herritar taldekoak izan. Arte eszenikoetan euskarazko lanak kupoa betetzeko erabiltzen badira, gure kulturaren garapena eta normalizazioa hanka motz ibiliko da. Ipuin kaxkarra.