GARA
donostia

Arkaitz Landaberea, Julen Etxaniz eta Oroitz Gurrutxaga aske geratu dira

Hiru euskal presok, gipuzkoarrak hirurak, atzean utzi zuten atzo espetxea. Arkaitz Landaberea donostiarra goizeko lehen orduan irten zen Leongo Mansillako kartzelatik, eta Julen Etxaniz, berriz, Castello II presondegitik. 2008ko abenduan atxilotu zituen biak Guardia Zibilak, lehena Donostian eta Pasai San Pedron bigarrena, eta biek ala biek atxiloaldian torturak jasan zituztela salatu zuten.

Zortzina urteko espetxe zigorra ezarri zieten 2011n eta kondena osoa bete ostean aske geratu ziren atzo.

Gurrutxaga, Irunen

Eguerdi aldera, berriz, Oroitz Gurrutxagak ere askatasuna berreskuratu zuen Irunen, goizean Paueko Instrukzio Auzitegiak bere aurkako euroagindu eskaera errefusatu ondoren.

Berez, errenteriarrak abenduaren 2an atera behar zuen aske Mont de Marsaneko espetxetik bere zigorra bete ostean, baina egun bat lehenago euroagindu eskaera bat zuela jakinarazi zioten eta preso mantendu zuten. Paueko auzitegiak eskaera aztertu zuen, baina ebazpena eman aitzin, Auzitegi Nazionalak berak eskatu zion euroagindua «efekturik gabe» uzteko, Estatu espainolean amaitzeke zituen prozedura guztiak bukatuta zirelako. Hala egin zuen, atzo, epaitegiak eta Estatu frantsesean geratzeko debekua duenez, segituan kanporatu eta Lapurdi eta Gipuzkoa arteko mugan utzi zuten.

Bestalde, presoen eskubideen alde astelehenean kontzentrazioak egin ziren Gernikan (14), Bermeon (15), Iurretan (32), Euban (4), Ondarroan (47), Zaldibian (19), Astrabuduan (16), Iruñean (72), Astigarragan (22) eta Laudion (48).