Egunsentiak
Egunsentiak begietara argia ekarri baino lehenago abiatzen ginen Besabitik, ilunpean, berdin euri ala eguzki, laino edo behe-laino. Urtarrilak egun bat zuelarik Adarramendira igo behar genuen, aurrez gure gurasoek egin bezala, edo aitona-amonek lehenago, eta haien aitona-amonek haiek baino lehenago. Hurbilekoek Lekaio ere deitzen zioten Adarrari, edo haren zati bati, baita Agerre ere aurretik, Gipuzkoan Mandoegiko mendilerroan Donostiara begira dagoen mendiari. Ohitura zahar bat da urteko lehen egunari gure jaiolekuko mendirik garaienean oles egitea, beste askoren jaiolekuan bertako mendira igotzea den bezalaxe, pentsatzen dut. Zergatia galdetzen genuen umetan, jatorria, agidanean kondaira zaleak ginenean, eta historiari buruzko erantzunik jasotzen ez genuenez etorkizunaren fantasia elikatzen hasi ginen nerabezaroan: puntara ordubete baino lehenago igotzen baginen urte ona izango zela uste izanda, edo bide erdian euria hasten bazuen, Iturrigoxora ailegatu aurretik, zorte txarreko urtea izango zela pentsatuz. Urtezaharra ostatuetako biran ospatzeko adinean sartu ginen ordea, eta gaupasa eginda hasi ginen Adarramendira igotzen, han Mendiriz-mendikoen salda beroa dastatu eta toxina batzuk kanporatuta oheko epelera abiatzeko. Baina urteekin ezinbestekotasuna galdu zuen urtea mendian hasteak, eta ezinezkotasunaren aroan sartu ginen gero. Eskerrak batzuek eutsi dioten ohiturari, hori zait kontsolagarri. Izango da bizitzako beste egun bat gehiago dela Urteberri, zahartzeak fantasiak itzaltzen dituela, edo besteei urte ona desiratzeko ere nekatuegi gaudela. Izan liteke ere, orain, edozein toki dela mendi, eserita, erdi etzanda gauden sofa hori ere bai, beraz, urte berri on denoi.

«Que solo se permita comprar casas para vivir es legal, está sobre la mesa»

Martxoaren 3ko biktimen aurka jo du Gasteizko gotzainak: «Tentsioa dago»

Los kurdos lo pierden todo contra Damasco

«Xeberri eta biok hiru kantaldi egun berean egitera iritsi ginen»
