«Poesiak perspektiba subertsiboa dauka»
Gau hotza egin du Usurbilen. Kaleragunean egin dugu zita; lagunak agurtu eta kafearen epelean hasi gara poesiaz hizketan. Preso ohien abaroan, gustura ari da batekin eta bestearekin hizketan Mikel Etxaburu poeta ondarroarra. Hiru liburu argitaratuta, komunikazioa eta eraldaketa helburu duten poemen gainean aritu gara berbetan. Elkarrizketaren ostean itzuli gara Usurbilgo elizaren ondoko dema plazara. «Kalera kalera!» dio afixa nagusiak, eta oraindik preso dauden lagunak hartu ditugu gogoan, poema artean.

«Lo zaudela zabaldu dizkizut begiak» zure hirugarren poesia liburua da. Zerekin dator oraingoan Mikel Etxaburu?
Aspaldi-aspalditik baneukan buruan ideia bat; neu ondarroarra izanik, Ondarroatik Bilbo hirira gauza jakinetara etortzen ginen, kabezerako medikura eta El Corte Inglesera, eremu horietara bakarrik etortzen ginen kasik-kasik, eta orduan Trabakua mendatea pasatzea odisea bat zen guretzat, autobusean –La Esperanza autobusean–, eta esperantzarekin joaten ginen Ondarroatik Bilbora.
Bilbon ikusten nituen gauzak bestelakoak ziren herri txiki batekin konparatuta. Autobusak orduan San Frantzisko auzo inguruan uzten gintuen, eta makina bat egoeratxo ikusten genituen. Garai hartan gogorrak egiten zitzaizkidan, baina gaur egun oraindik ikusten jarraitzen dudan egoerak dira. Gogoan dut nire familiakoren bat edo beste ikusten nuela hor, trabes, eta orain akorduan hartuta baneukan garai horiek berriro gogoratzeko asmo bat. Hiriari buruz hitz egiteko gogoa. Aurreko bi liburuen tematika oso markatua izan da eta banuen gogoa eta beharra horietatik aldendu eta guztiontzako hurbilagoak diren egoera batzuei buruz hitz egiteko. Hiria nahi nuen ekarri. Eta hiriaren atzean edo barrunbeetan gertatzen direnak. Begiratzera jokatzen dugu sarritan, eta ez ikustera.
Begiratzetik ikustera dagoen zubia kontzientzia da, eta kontzientzia da edozein eraldaketa prozesuren abiapuntu, eta kontzientziarik ez badago ez dago transformaziorik. Baina badaude gauza asko begiratzetik ikustera pasatzeko modukoak, eta batez ere indibiduoaren kokapen hori, pertsonak, eta pertsonei buruz hitz egin nahi izan dut liburuan. Pertsona desjabetuei buruz batik bat, mota ezberdinetako desjabetuak: atzerritik etorri direnak, bertokoak izaki atzerrian bezala bizi direnak, etxegabeak, jonkiak… hiria aspektu ezberdinetatik abordatzeko gogo eta nahia baneukan.
Oso epe laburrean, 5 urtetan, hiru poesia liburu argitaratu dituzu. Lehenengoa istripuzkoa izan zitekeen –kartzelan idatzi zenuen hura–, bigarren bat egin zenuen ostean, baina argi dago poeta bat daukagula aurrean, ezta?
Ez dakit egokia den edo ez, baina ez dut uste istripua izan zenik lehenengoa. Azken bost urteetan 3 liburu argitaratu ditut, baina aurreko 42 urteotan bat ere ez. Berez bada hor barruan neukan kontu bat, idatzi beti idatzi dudalako; ondo, txarto, asko, gutxi….
Gainera, niretzat poesia ez da narratibatik narratibara tarteko lanak publikatzeko zerbait, erregistro aldaketa gisa. Ez. Niretzat poesia gustura sentitzen naizen generoa da. Ausartuko nintzateke esaten aurrera begira beste zeozer idatziko banu poesia izango dela. Idazle bai, baina poeta moduan kokatzen dut neure burua.
Liburuen izenburuetan –«Zu zara orain txoria» edo «Lo zaudela zabaldu dizkizut begiak»– eta poema asko eta askotan ia beti dago «zu» bat eta «ni» bat. Zerk eraman zaitu horrela idaztera?
Interpelazio zuzena da. Eta interpelazio zuzena indibiduoari. Egia da gehienak “zu”-ri direla. Lehenengo pertsona pluralekoak egon badaude, baina ez dira hainbeste. Gehiago dira pertsona bati idatzita, indibiduoari. Nik poesiari balio jakin batzuk esleitzen dizkiot, niretzat poesiak perspektiba subertsiboa dauka. Gure denborak kudeatzeko espazio bat eskaintzen du poesiak. Mafaldak esaten zuen mundua gelditzeko, bertatik jaisteko. Baina mundua ez da geldituko, une oro ari delako mugitzen. Baina guk badugu gelditzeko ahalmena. Aurrera edo atzera beharrean, albo batera, ertz batera, mugi gaitezke, munduan zelan kokatu nahi dugun hausnartzeko tartea hartuz, eta mundu hau gustatzen ez bazaigu zelan alda dezakegun pentsatu beharko dugu.
Eraldaketa prozesu guztiak norbanakoetatik hasten dira, kontrakoa dioenak gezurra dio. Gero doaz kolektibitatera, norbanakoen pilaketa gisa. Niri batez ere norbanako hori interesatzen zait, “zu” hori. Nik ez dut autokonplazientziarako idazten. Nik poesia komunikatzeko baliatzen dut, eta komunikatu nahi dut uste dudalako badagoela zertan sakondu, sakondu ondoren eraldatzeko. Norbanakoetatik abiatzen da eraldaketa hori, kontestu hurbiletatik. Horregatik agertzen dira ni eta zu. Eta sarritan, ni eta zu hori gauza bera dira. Ni neu ere, bestearen azalean kokatzen naizelako.
Esango nuke ezaugarri hori liburuz liburu lantzen joan zarela.
Bai. Nire pentsamenduaren oinarrian dago. Finean, poesiaren atzean pentsamendua egon beharko litzateke; ni saiatzen ari naizena da pentsamendua josten, nire iritziak josten, eta hori azaltzeko eta konpartitzeko modua poesia da. Komunikatzeko, eta eraldaketa prozesu txikiak bultzatzeko, baita neureak ere.
Liburuak argitaratzeaz gain, Keu eta zure arteko elkarlana ere ikusi izan dugu orain arte; bere diskoetan zein bion zuzeneko emanaldietan. Emankorra izan al da Keurekin landutako bidea?
Hasteko, Keuren musika nire poemen soinu banda da. Hori horrela da. Keu eta biok gauza ezberdinek batzen gaituzte: herrikideak gara, lagunak gara. Eta gainera, ondo konektatzen dugu batak bestearen sorkuntzekin, sortu ditugun gauzekin.
Poesia mota honek baditu beste hari batzuk: erritmoaren dimentsioa. Poema kantatuek beste balio gehigarri bat daukatela uste dut. Jende gehiagorengana iristeko modu soil eta egokia dira. Nire helburua komunikatzea bada, nik komunikatzeko ditudan baliabide guztiak erabiliko ditut. Eta poesiaren hari horiek guztiak esploratuko ditut, eta Keuk horretarako aukera aparta eskaintzen dit.
Bestalde, edozein poema motak ez du balio musikatzeko. Horregatik, nik etengabe daukat musikalitatea buruan, ez dut sekula deskartatzen egunen batean poema hori musikatua izango ote den. Saiatzen naiz errima eta errepikapen soilekin erritmo bat markatzen. Idazten ditudan poemak alde horretatik nahiko borobilak dira, kontzeptu gisa. Keuk hori oso ondo harrapatzen du eta ni poz-pozik nago horrekin.
Liburu honekin baina, ez duzue horrelako aurkezpenik egin, ezta?
Ez, oraindik ez dut egin berarekin batera. Liburu honekin bakarrik ari naiz. Baina aurrera begira badaukagu asmo bat proiektu komun bat egiteko. Poesia, musika eta beste zenbait elementu batuko ditugu. Horregatik, poema liburu honen aurkezpenak neuk bakarrik egin ditut, eta beste proiektuari bide egiten jarraituko dugu.
Arestian aipatu dugu kartzelan sortutako poemekin argitaratu zenuela lehenengo liburua. Zenbateraino markatu zaitu tarte horrek, kartzelaldiak, gero idazle izateko?
Erabat. Azkenean badago datu objektibo bat: idazteko baldintza batzuk behar dituzu. Denbora. Kanpoan, kalean zaudenean denbora libreak konkistatu egin behar dituzu, kartzelan ere bai, baina kartzelako konkista hori psikologikoa da gehiago, zu prest bazaude denbora hor dago. Astia daukazu. Kalean, berriz, zailagoa da denbora horiek borrokatzea. Eta nik behar nuen nire sormenerako tarte luze bat, zoritxarrez luzeegia izan zena. Beti delako luzeegi kartzelako edozein egonaldi. Baina era berean, kartzelan gauza asko ikasi nituen, eta pentsatzen dut kartzelaldiari zukua atera niola. Nire helburua ere hori zen, ez nuen kartzelaldia “stand by” egoeran edo hegalaldi egoeran emango nuen denbora bat izatea nahi.
Hortik ikasbideak atera nituen, banuen plangintza bat prestatua eta espetxeratu eta lehenengo deian neskalagunari eskatu nion etxean prest neukan plan hura barrura sartzeko. Eta idatzitako asmo hari fidela izan nintzaion. Tartean zegoen idazteko tartea hartzea. Nire burua horretarako prest sartu zen. Idazteko aukera baliatu nuen.
Egia da ere kartzelari buruzko poemak atera zitzaizkidala, askatasunari edo askatasun faltari buruzkoak, bakardadea… eta askotan pentsatzen dugu kartzelak direla Alcala Meco, Soto del Real… ez, ez! Kartzelak norbere baitan ere badaude askotan. Eta ni horiez guztiez aritu naiz nire idazkietan. Kate motzean bizi gara, eta ez dugu pentsatzen hegoak izan baditugula, libreago bizitzeko. Beldurra diogu hegan egiteari.
Literaturzalea sartu eta idazlea atera zen orduan kartzelatik?
Bai. Horrela deskriba daiteke agian. Literaturzale eta idazle frustratua nintzen ni. Aurreko urteetan ere saio handiak egin nituen nik idazteko. Amildegian beti. Behar, gogo eta nahi asko zituen literaturzalea sartu zen. Eta kartzela baliatuz idatzi eta idatzi, testuinguru horretan hor ateratzen da idazlea. Kalean sarritan kartzelan bezain preso sentitu naiz eta kartzelan kalean bezain libre.
Zure literatur jardunera itzuliz; hirugarren lan hau plazaratzeko literatur lehiaketa batera jo duzu. Zelan hartu duzu erabaki hori?
Norbere buruari jartzen zaizkion erronkatxoak dira. Eta kointzidentziak. “Lo zaudela zabaldu dizkizut begiak” poemario hau idazten hasi nintzenean ez neukan buruan inolako lehiaketarik, Blas de Otero ere ez. Idatzi nahi dudalako idazten dut. Funtzio soziala betetzen dute idazki hauek niretzat. Baina idaztera jartzen nintzen hirugarren aldia izanik, nahi nuen nire lana neurtu zezaten, halako proba bat. Modu ahal bezain objektiboenean aztertzeko gogoa ere banuen. Lehiaketara aurkeztu eta aukera eman didate liburu hau plazaratzeko. Eta bestetik, lehiaketa hauetan diru saria ere badago. Eta diru hori oso ondo etorri zaigu familian. Idazten hasi eta bukatzear nengoela konturatu nintzen baneukala aurkezteko modurik. Eta aurkeztu egin nuen.
Lehiaketetako lan sarituek izan ohi dutena baino oihartzun handiagoa izan du zure poesia liburu honek, ala?
Hori diote behintzat argitaletxekoek eta ezagutzen ditudan liburudendetako lagunek. Badirudi ondo ari dela mugitzen –gure herrian, poesian eta euskaraz–, baina unibertso mugatu horretan, badirudi batzuei gustatu egin zaiela, eta niri horrek asko pozten nau. Plazer pertsonalaz gain, pentsatzen dudalako irakurleari zeozer aportatuko diola nik idatzi dudan lanak.

«Que solo se permita comprar casas para vivir es legal, está sobre la mesa»

Martxoaren 3ko biktimen aurka jo du Gasteizko gotzainak: «Tentsioa dago»

Los kurdos lo pierden todo contra Damasco

«Xeberri eta biok hiru kantaldi egun berean egitera iritsi ginen»
