Andoni ARABAOLAZA
ALPEAK

Jeff Mercier-ek «Beyond Good and Evil»-i aldaera ederra sortu dio

Abenduaren amaieran, Bastien Lardat, Luicen Boucansaud eta Xavier Cailholekin batera, frantziarrak lau luze berri dituen «Les Flammes de l´enfer» izeneko aldaera (85º, M7) zabaldu du.

Urteak igaro dira Mont Blanceko mendilerroan dagoen Aiguille des Pelerinseko (3.318 m) ipar horman Andy Parkinek eta Mark Twightek “Beyond Good and Evil” bide ospetsua zabaldu zutenetik. Hain zuzen ere, 1992. urtean sortu zuten. Izotz zein mistoko marra zaila zen, baina, denboraren poderioz, maila horretan klasiko bihurtu da lorpen hura.

Hala ere, sormen lanetan diharduten alpinista batzuek ondo baino hobeto aprobetxatu dituzte bide entzutetsu horrek zer edo zer berririk gehitzeko eskaintzen dituen aukerak. Horietako bat Jeff Mercier da. Bada, abenduaren amaieran, espezialista frantziar honek “Beyond Good and Evil»-i lau luzeko aldaera gogor bat gehitu zion. Eta hari “Les Flammes de l´enfer” (85º, M7) deitu dio.

Aldaera hori sortzeko bost egun behar izan ditu, eta hiru kidek lagundu diote: Lucien Boucansaud, Xavier Cailhol eta Bastien Lardat. Bost eguneko lana izan da, baina aurreratu behar dugu 2015. urteko udazkenean Mercierrek Fabien Dugitekin batera saio bat egin zuela.

Mercier eta enparauek “Beyond Good and Evil”-en lehen bi luzeak eskalatu, oso zuzenak diren beste lau berri sortu eta goialdean marra horrekin berriro bat egiten zuten.

Oso agerikoa

Proposamen berri hori bukatu bezain laster, Mercierrek zera adierazi zuen: «Ageriko bide bat da, teknikoa eta naturala. Uste dut egun bateko jardunean egiteko aukera dagoela. Oro har, lau luze horiek oso garbi utzi ditugu. Ez dugu paraboltik jarri; azken luzean soilik hiru iltze utzi ditugu». Bide batez, aipatu behar da frantziarrak egin berri duen jarduera xede zaharra zela: «70eko hamarkadako ‘Dard-Reppelin’ bidea neguan lehen aldiz egin eta gero, ohartu nintzen ‘Beyond Good and Evil’-en eskuinaldera bide berri bat sortzeko aukera zegoela».

Lau egunez luze bakoitza garbitu ostean, Mercierrek aldaera berriari ekin zion: «Ez da muturreko bide bat, baina onartu behar dut oso teknikoa dela. Bidean gora gindoazela arroka oso txarrarekin egin genuen topo. Paraboltak jartzea saihestu nahi genuenez, 90 metroko rappel bat egin eta beste aukera bat sortu genuen. Diedro bikain batean sartu ginen: gozatu ederra hartu genuen! Ondoren, gure aldaerak berriro ‘Beyond’-ekin bat egiten du. M7 da zailtasun gorena, eta uste dut kalitate handiko marra bat dela. Jaitsiera, berriz, ‘Beyond’-etik egin daiteke».