Estibalitz EZKERRA
Literatur kritikaria

Zergatik

Zenbait idazle eta artista taldek aste osoan gidatu dituzte kontzientzia kritikoa lantzeko tailerrak, eraso sexista, arrazista eta xenofoboetatik babesteko mekanismoen gaineko hitzaldiak, adierazpen askatasunaren aldeko agerraldiak hautatua izan den presidentea presidente oso bihurtzeko zeremoniaren kontra protesta egiteko, baita laster politika, ekonomia eta gizarte arloetan gerta daitezkeen aldaketa zorrotzei alternatibak eta erresistentzia metodoak garatzen hasteko ere. Jazarpenaren –edozein itxura hartzen duela ere– konplize ez bihurtzea dute kezka nagusi. Zoritxarraren aurrean batasuna aldarrikatzen dute. Nola sortu batasuna, ordea, erabat zatiturik dagoen herrialdean, azken hauteskundeek erakutsi bezala? Nola sortu elkartasun sentimendua etxe barruan eta kanpora begira ere, behin eta berriz salbuespeneko jarrera agertu duen herri batekiko? Gaur eskubide zibilen alde protestan ari diren artistetako batzuek arazorik gabe jarri dute beren artea beste erregimen batzuetako agintarien zerbitzura. Diru kopuru galantak jaso dituzte horrelakoetan eta, jakina, diktadoreen bizi osorako esker ona. Zergatik heldu izan diote artea ez politizatzearen beharrari horrelakoetan, sufrimendua besteena eta geografikoki urruna zenean, eta zergatik eskatzen dute orain justu kontrakoa, faxismoa gertuko errealitatea bihurtzear den honetan? Eta guk, amorru ematen digun arren, ezin dugu beste aldera begiratu, inperioaren aferak denon aferak direlako.