N.G.
GUEÑES

Herritarrak Glefaranen aurrean, kutsatzen jarrai ez dezala eskatzeko

Gueñes eta Zallako bi milatik gora herritarrek Glefaran enpresaren isuriak amai daitezen soluzioak eskatu dizkiote Lakuari. Pairatzen duten kutsadura «larria eta arriskutsua» dela salatu dute.

Glefaranek sortzen duen kutsadura amaitzeko bermeak eskatu zituzten atzo herritarrek, lantegiaren aurrean amaitu zen manifestazioa eginda. Gueñes Bizia plataformak deialdiak izan zuen erantzun ona nabarmendu zuen. Euren kalkuluen arabera, bi mila lagun baino gehiago bildu ziren eskaera nagusia Glefarani konponbidea emateko zuen protestan. Gueñeseko eta Zallako lagunek hartu zuten parte.

«Gure osasunaren alde» zioen bigarren pankarta bat ere bazeramaten manifestariek, enpresaren jardunak eragiten dien kezka nagusia aipatuz. Azken egunetan herri plataformak gogor salatu du herrian pairatzen duten egoera, balkoiak, autoak, baratzeak, fruta-arbolak eta gune publikoak gero eta sarriago agertzen baitira errautsez beteta.

Salatu dutenez, Pastguren lantegi zaharrean dagoen biomasa plantaren jardunaren isuriez gain, zarata eta usainak ere jasan behar dituzte. Arangoitin bertan haizearen kalitatea neurtzeko jarritako estazioa errautsez belztuta agertu dela azaldu zuten, eta hauts beltz horren emisioak gelditu beharrean areagotzen ari direla salatu dute. Emisio horien kausa instalazioek erabiltzen duten teknologia zaharkitua dela dio Gueñes Biziak eta Administrazioari arazoa konpon dadin esku hartzeko eskatu dio.

Manifestazioaren bukaeran plataformako kideek irakurritako mezuan, Lakuak Glefaranen funtzionamenduan arazoak daudela onartu duela nabarmendu zuten, baina «gakoa» oraindik ez dutela onartu salatu zuten: «Glefaranen kutsadura larria eta arriskutsua» dela.

«Tranparik gabeko eta benetako konponbideen» zain daudela gogorarazi zioten Ingurumen Sailari.