Oihane LARRETXEA
DONOSTIA

Udalbiltzak hausnarketari ekingo dio garai berrietara egokitzeko asmoz

«Udalbiltzan bagabiltza» gogoeta prozesu praktikoa izango da eta martxoan abiatuko da. Uda bitartean, eta hiru fasetan banatuta, hautetsiak, herritarrak eta eragileak alboan nahi ditu lan ildoak finkatu eta egoerari egokitzeko. Udazkenean emango dute ondorioen berri.

Aldaketa politiko asko izan dira Euskal Herrian azken urteotan. Alderdien ilegalizaziotik legalizaziora, ETAren behin betiko su etenaren iragarpena 2011. urtean, Nafarroan erregimenaren erorketa eta azkena, Euskal Elkargoaren sorrera, Ipar Euskal Herriko lehen instituzio politikoa izango dena… Hauek aipatu zituen, besteak beste, Luis Intxauspe Udalbiltzako lehendakariak. Eta egoera honen aurrean, 68 udalerri batzen dituen partzuergoak hausnarketa abiatuko du, egoera sozial eta politikoari egokitzeko, agertoki berriaren neurrikoak izango diren lan ildo eta helburu berriak definitzeko.

“Udalbiltzan bagabiltza” izendatua, gogoeta «ariketa praktikoa» izango dela aurreratu zuen atzo Intxauspek Donostian, Mertxe Aizpurua eta Loren Arkotxa aurreko bi lehendakariak alboan zituela. Eta ez da «birfundazio» bat izango, «berregokitzapen» bat baizik, zehaztu zuenez.

Ariketa bada martxoan hasiko da, eta hiru fasetan banatuko dute. Lehenengoa apirila arte luzatuko da, eta bertan parte hartuko dute hautetsiek. Hausnarketa modu presentzialean egingo da zazpi herrialdeetan baita eskualdeetan ere, baina atal batzuk on line ere egingo dira.

Bigarren fasea maiatzean egingo du Udalbiltzak, herritarrekin batera. Fase irekia izango da, parte hartu nahi duen orori irekia egongo dena, alegia. «Ez dira hautetsiak, baina elkarlanak egin ditugu eta badute zeresana», argudiatu zuen Intxauspek.

Azken fasea ekainean gauzatuko du partzuergoak, eragileekin batera. Uda ostean batzarra egingo du Udalbiltzak, jasotakoa aztertu, ondorioak atera eta hurrengo urteetako lan ildoak finkatzeko. Aurreikuspenen arabera, uztailean ondorioen txostena osatuko dute eta horren berri udazkenean emango dute.

Partzuergoaren papera

1999. urtean sortua, orduan, eta baita gaur egun ere, Udalbiltzaren garrantzia goraipatu zuten. «Zeregin handia du Euskal Herrian, Udalbiltzak egiten duena ez duelako beste inork egiten», adierazi zuten.

Uneotan, besteak beste, «harreman instituzionalak normalizatzeko bidean», Euskal Herriko erakunde eta eragileekin bilerak egiten ari dira hautetsiak. Norabide horretan bildu ziren Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiarekin, eta laster beste hainbeste egingo dute Bizkaiko eta Arabako ahaldun nagusiekin, Unai Rementeria eta Ramiro Gonzalezekin, hurrenez hurren, baita Eudel eta Nafarroako udalerri eta kontzejuen Federazioarekin ere. Era berean, partzuergoa bilerak eskatzen ari da euskal hiriburuetako alkateekin.