GARA
ERROMA

Italiako kostazainek mila lagun erreskatatu dituzte Libiatik gertu

Italiako kostazainek koordinatu dituzten operazioetan, Mediterraneo itsasoan noraezean zihoazen sei ontzi pneumatikotan eta egurrezko beste hirutan sartuta zeuden mila pertsona inguru erreskatatu dituzte.

Libiako itsasertzetik gertu egindako salbamenduan ontzian bertan hildako lagun baten gorpua ere aurkitu zuten erreskate taldeek.

Kostazainek jakinarazi dute Erromatik koordinatuta bederatzi operazio egin zituztela azken orduetan. Proactiva Open Arms gobernuz kanpoko erakundearen ontzi batek eta atoiontzi batek ere esku hartu zuten.

Nazioarteko Migrazio Erakundeak (IOM) emaniko datuen arabera, iaz 5.079 pertsona hil ziren Mediterraneo itsasoa zeharkatu nahian.

Gainera, Turkiako kostazainek Europar Batasuneko herrialderen batera zihoan ontzi bat harrapatu zuten atzo. CNNTürk telebista kateak emandako informazioaren arabera, ontzira 270 «migrante irregular» igo ziren Istanbuleko portu batean.

Atxiloketak Istanbulen

Lekukoek aipatu kateari kontatu zioten ostiral gauean zenbait autobus iritsi zirela Istanbuleko mendebaldean dagoen Silivriko yate portura. Ehunka lagun jaitsi ziren ibilgailuetatik eta korrika joan ziren zain zuten ontziraino. «Kabitzen ziren guztiei igotzeko esan zieten, eta gainerakoek ihes egin zuten», jakinarazi dio zaindari batek CNNTürk telebista kateari.

Polizia iritsi zen eta kaian zegoen familia bat (bikotea eta hiru seme-alaba) atxilotu ondoren, kostazainei jakinarazi zieten ontzi bat abiatu berria zela. 270 «migrante irregularrak» harrera zentroetara eraman zituzten.