Jon GARMENDIA
Idazlea

Ramona

Ama zerraldo dago, hilkutxan, ondoan senarra, eta hurbilean beilatokira doluminak ematera joandako auzokideak. Senarra hizketan hasi da emaztea agurtzeko diskurtso gisa, eta hil nahi duela aitortu du, zeruari eskatzen dio bera ere eraman dezala lehenbailehen, emaztearen ondora. Honela hasten da serieko istorioa, eta hunkigarria dirudi senar-emazteen maitasun istorioak, dramatikoa. Ramonak hartu du hitza ordea, bi alabetan zaharrenak, ondoan Helga dauka, 14 urteko ahizpa. Eta ama maitearentzat agur hitz samurrak dauzka, ohore egiten dio, zenbat maitatu duten esan eta maitatuak sentitu direla aitortu. Segidan, «gaixo ama» erraten du Ramonak, «animalia baten ondoan bizitzea egokitu baitzaizu, mozkortuta zebilela beti, jotzen zintuela, ogi zati batzuk etxera ekartzeagatik zu berea bazina bezala tratatu zaituela…». Eta aitormenak gelako errezoak isiltzen ditu, iduri du denbora ere gelditu egin duela. Ama-alabak infernu horretan imajinatzen dituzu orduan; «Ramona» da, Txileko serie berria, Biarritzeko FIPA jaialdian bi kapitulu ikusi ditudanetik barruak korapilatuta ageri zaizkit. Saria ere eraman du, merezia. Kapitulu gehiago ikusteko gogoa sartu zait gainera, hango nekazaritza munduko matxismoaren eragina ikusteko, eta hiriko matxismoarena, eta toki orotako matxismoarena, eta horren guztiaren erdigunean emakumeak zenbat ahalegin egin behar duen bizitza duin bat izateko. Gure mundukoarekin antzekotasun gehiegi dituela pentsarazi dit gainera, nekazaritza munduan, hirian, toki orotan gertatzen den matxismoarekin. Nahi nuke halako serie bat hemengoaz.