gara, donostia

De la Piedraren ondarea

Alaba batek klaratarren ordenako moja izan nahi zuela-eta Panaman bizi zen Juan de la Piedrak Santa Klara komentua eraiki zuen sorterrian, Balmasedan.

Lehenengo sei ama fundatzaileak, Jacinta de la Puente abadesa euren artean, San Migeleko komentutik, Tobalinako haranean, abiatu ziren 1666ko urriaren 28an eta hiru egun beranduago iritsi ziren Balmasedara gauak Nofuentesen, Medina de Pomarren eta Villasana de Menan eman ostean. Klaratarrak bertan izan ziren 1984ra arte, komentuaren egoera zela-eta Loiun eraikitako berrira joan ziren arte.

Balmasedako komentua eta eraikin batzuk saldu egin zituzten, eta 90eko hamarkadan erabat eraberrituta egungo San Roque komentu hotela ireki zuten. Egungo jabeek monumentu multzoaren 350. urteurrena ospatzearekin batera urte osoan Enkarterri ezagutzera emateko antolatu duten egitaraua aurkeztu dute. Hitzaldi zikloa historialarien eta idazleen eskutik, kontu laburren lehiaketa, Balmasedako museoetara doako bisitak eta elkartasun gala, iragarri ditu, besteak beste, San Roque komentu hotelak. Bere menuan ere «350. urteurreneko menua» du.