GARA
BILBO

Zaitegi bekari esker, Gartxot Unsainek Bob Dylan-en obra euskaratuko du

Gartxot Unsain Letona itzultzaile eta musikariak irabazi du aurtengo Jokin Zaitegi itzulpen lehiaketa. Beraz, 2016ko amaieran Suediako Akademiak Nobel saridun hautaturiko Bob Dylan kantagile estatubatuarraren 100 kanta euskaratu beharko ditu.

Halaxe erabaki zuen Maialen Berasategik, Iñigo Roquek eta Jon Basaguenek osatutako epaimahaiak. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, aurkeztutako hamalau lanen artean Unsainena aukeratu dute, jatorrizkoaren esanahia egoki jasotzeaz gain, musikaltasuna ere oso zainduta dagoelako.

Unsainek (Donostia, 1987) Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi, eta hainbat lanetan aritu da. Musikari ere ibili da, John Berkhout nahiz 2 Zaldi taldeetan, besteak beste. Azken talde horretan ekin zion kanta anglosaxoien euskarazko bertsioak egiteari, eta horrekin lortu du Dylanen lanak euskaratzeko asmoa ere.

Literaturako Nobel saridunak euskaratzea xede duen Jokin Zaitegi lehiaketa AED elkarteak eta Elkar argitaletxeak antolatzen dute Arrasateko Udalaren eta Laboral Kutxaren laguntzarekin.