GARA
NAIROBI

Kenyako Auzitegi Gorenak bertan behera utzi du errefuxiatu eremuaren itxiera

Kenyako Auzitegi Gorenak ezetz esan dio Gobernuari: Dadaabeko errefuxiatu eremua ixteko aginduak ez duela baliorik. Epaileen iritziz, legez kontrakoa eta baztertzailea da Dadaab ixteko erabakia, Konstituzioaren aurkakoa izateaz gain. Gobernuak errekurtsoa aurkeztuko du.

Dadaabeko errefuxiatu eremua munduko handiena da eta bertan dauden pertsona gehienak Somaliako gatazketatik eta miseriatik ihes egindakoak dira. Gainera, Etiopiako lehortea atzean utzi nahian somaliar etniako etiopiar asko ere bertara iritsi zen bere garaian. Une batzuetan 500.000 lagun hartzera iritsi izan da, baina momentu honetan 256.000 errefuxiatu bizi dira Dadaaben.

John Mativo epaileak irakurri zuen atzo erabakia. Demanda Kenyako Giza Eskubideen Batzorde Nazionalak eta Kituo Cha Sheria gobernuz kanpoko erakundeak aurkeztu zuten.

Uhuru Kenyattaren Gobernuak adierazi du errekurtso bat aurkeztuko duela erabakiaren aurka, eta erantsi du Dadaabeko eremuak «bere izaera humanitarioa aspaldi galdu zuela, eta terrorismoaren eta legez kontrako beste jardueren babesleku bihurtu dela».

Mativok gogorarazten dio ez dagoela inolako frogarik errefuxiatuek Al Shabaab talde jihadistaren erasoetan esku hartu izan dutela esateko: «Gobernuak legea bortxatu zuen eta erabakia berriz aztertu beharko du. Legearen mugak zeharkatu gabe hartu beharreko muturreko erabakia izan zen. Somaliara itzultzera behartzea errefuxiatu horien aurkako jazarpena da».

Somaliako egoera bere onera itzultzetik urruti dago. Asteazkenean Mohamed Abdullahi Farmaajo presidentea aukeratu zuten etxeratzeko aginduarekin, aire espazioa itxita zegoela eta muturreko segurtasun neurriak hartuta. Norvegiako Errefuxiatuen Kontseiluak dio premiazkoa dela eremua zabalik edukitzea, Somaliako lehorte eta elikagai krisiarengatik.