GARA
BAGDAD

Mosul hiriko mendebaldea hartzeko operazioa abian jarri dute

Mosulgo mendebaldea hartzeko operazioari atzo eman zioten hasiera Irakeko indarrek, hegoaldeko lau herrixka bereganatuta. Borrokek 800.000 zibil utzi dituzte ez aurrera ez atzera egin ezinik. Ekialdea hartzeko operazioak baino iheslari gehiago eragingo ditu oraingoak.

ISIS Estatu Islamikoak bere mendean du oraindik Mosul hiriko mendebaldea. Atzo hasi ziren, goizean goiz, hego-mendebaldeko sarreraren aurkako Irakeko Armadaren artilleriaren bonbardaketak. Nayem Abdala al Yaburi Ninive probintziako komandanteak jakinarazi zuen bonbardaketa horien helburua dela tropak bertatik mendebaldera sartu ahal izatea.

Aldi berean, Irakeko gerra hegazkinek eta AEBek zuzentzen duten nazioarteko koalizioaren aparatuek jihadisten posizioei eraso egin zieten, lurreko tropek aurrera egiteko aukera izan dezaten. Dagoeneko hegoaldeko lau herrixka kendu dizkiete ISISeko jihadistei: Al Huseiniya, Al Sheij Yunes, Al Haraquiyat eta Al Ibrahimiya. Abdemalir Yarala jeneralak esplikatu zuen Irakeko banderak jarri dituztela herrixka horietako eraikinetan.

Raid Shaker Yaudat Polizia Federaleko komandanteak agiri baten bitartez jakinarazi zuen atzoko borroketan «79 terrorista» hil zituztela. Zibilen heriotzarik ez zuen aipatu militarrak.

Hiriko ekialdean, berriz, ISISeko kamikazeek egin zuten eraso, eta gutxienez sei hildako eragin (hiru kamikazeak eta hiru zibil). Beste eraso bat bonba-auto batez egin zuten, eta piloturik gabeko hegazkinak (droneak) ere erabili zituzten jihadistek Karash barrutiaren eta Al Mizaq auzoko merkatuaren kontra.

Mazen al-Ahmadi Ninive probintziako poliziaburuak egin zuen irakurketaren arabera, Mosulgo mendebaldea berreskuratzeko operazio militarra ahultzeko egin ditu eraso horiek Estatu Islamikoak.

Begiraleek esplikatu dutenez, irakiar indarren lehen helburua aireportua berreskuratzea da (atzo hartutako herrixketako bat oso gertu dago), ondoren inguruan dagoen base militarra hartzeko. Bi leku horiek mendean hartu eta gero, biztanle asko dituzten hegoaldeko auzoetara sartuko lirateke, puntu ezberdinetatik abiatuta. Tigris ibaia bera zeharkatuko lukete ISISen aurkako indarrek, eta horretarako ur gaineko zubiak eraikitzea aurreikusi dute.

Ekialdekoak baino gogorragoak izango dira mendebaldeko borrokak, kale estu asko baitago bertan, eta jihadistek giza ezkutuak erabiltzeko aukera ugari izango dutelako.

Herritarrak zer egin erabaki ezinik dabiltza

Nazio Batuak erlojuaren aurka ari dira lanean Mosulen hegoaldean, borroketatik ihesean iritsiko zaizkien herritarrak hartu ahal izateko. Gainera, ekialdean dagoeneko askatu dituzten auzoetara laguntza humanitarioa eramaten ari dira.

Mosul Estatu Islamikoari kentzeko operazioaren lehen fasea iazko urrian hasi zenetik ekialdean bizi ziren 217.000 herritarrek egin zuten ihes, eta horietako 57.000 dagoeneko itzuli dira.

Nabarmentzekoa da borroka gogorrenen erdian ere 550.000 zibilek beren etxeetan geratzea erabaki zutela orduan. Garai hartan Irakeko Armadak panfletoak bota zituen hegazkinetatik herritarrei etxetik irten gabe geratzeko eskatzeko.

Ondorioz, Mosul askatu nahi dutenek arma astunik ezin dute erabili zibilek bizirik jarraitzea nahi badute. Fallujan eta Ramadin erabili zituzten horrelako armak eta sekulako txikizioa eragin zuten. Abdelwahab al Saadi CTS terrorismoaren aurkako unitateko komandanteak esan du herritarrentzat ihes egiten saiatzea baino seguruagoa dela etxean geratzea.GARA